NOV. 30 2015 KULTURA «Live for passion»-ek Torelloko sari nagusiaeskuratu berri du Kataluniako mendi zinemaldiaren 33. ekitaldia hilaren 13an hasi eta 22an bukatu zen. Inoiz baino film gehiago (guztira, 147) aurkeztu ziren, eta 32 Urrezko Edelweiss saria lortzeko lehiatu dira. Andoni ARABAOLAZA Torelloko mendi zinemaldia izan zen hamar egunez: hilaren 13an hasi eta 22an bukatu zen. 33. ekitaldia zuen, eta, filmen izen-emateari dagokienez, errekorra izan du. Guztira, 147 aurkeztu ziren, baina 32 soilik onartu zituzten lehiaketarako. Antolatzaileek adierazi digutenez, aurreko errekorra 2013. urtean izan zen: «Aurtengo filmen kopurua %29 hazi da». Hamar egun aurretik lehian ziren zinta guztiak ikusteko, baina, ohi den bezala, Kataluniako mendi zinemaldiak makina bat ekitaldi proposatu zituen. Besteak beste, hitzaldiak, argazki-erakusketak... Ekitaldi horien guztien artean batek benetako protagonismoa hartu zuen. Zinemaldiaren lehen egunean izan zen, eta antolatzaileek zortzi milako mendietan jardun duten Kataluniako sona handiko mendizaleak omendu zituzten. Guztira, 15 mendizale: Josep Maria Anglada, Jordi Pons, Emili Civis, Jordi Campubri, Narcis Serrat, Jordi Magriña, Lluis Rafols, Araceli Segarra, Monica Verge, Xavi Prez Gil, Jordi Canals, Jordi Corominas, Carles Valles, Ferran Latorre eta Oscar Cadiach. Ekitaldian irudiak eta bideoak ikusi eta protagonistei elkarrizketa laburrak egin zizkieten. Urrezko Edelweiss Hain zuzen ere, izen hori darama Torelloko zinemaldiko sari nagusiak. Espainiako Estatutik 26 film jaso zituzten, eta, antolatzaileen esanetan, ezohiko herrialdetatik ere bai: Nepal, Suedia, Serbia, Herbehereak... Aipatu bezala, 32 soilik zeuden sari nagusia lortzeko irteera puntuan. Azken erabakia epaimahai batek eman behar zuen, eta hori joan den 21eko ilunabarrean izan zen. Carles Bosch, Lali Colome, Barbara Destefanis, Francesc Masferrer eta Jordi Marato epaimahaikideen arabera, “Live for passion” izan da aurtengo zintarik onena. 58 minutuko filma da, eta bi eskalatzailek Tatras mendilerroan eginiko jardueren berri ematen du. Bigarren saria “Jeff Lowe´s metanoia”-rentzat izan da, eta hirugarrena, “Degrees north” filmarentzat. K2 edo Chogori mendia, berriz, bi film saritutan izarra izan da. Mendi-kulturaren saria “K2 touching the sky”-k jaso du, eta epaimahaiaren saria, “K2 and the invisible footmen”-ek. Beste sari batzuk ere banatu ziren. Argazkilaritza onenaren saria “Unreal” filmak eskuratu du; gidoi onena “Citadel”-entzat izan da; ikusleen saria, “The Mont Rebei project”-entzat eta Mountain Wilderness saria “Sunakali”-rentzat. 33. EKITALDIA Torelloko mendi zinemaldian 32 film lehiatu dira, eta sari nagusia, hots, Urrezko Edelweiss saria «Live for passion»-ek irabazi du.