GARA Euskal Herriko egunkaria
Bodyboarda

Pierre-Louis Costes eta Joana Schenker Europako bodyboard txapeldun


Pierre-Louis Costes frantsesak eskuratu du 2015eko Europako bodyboard titulua. Aurtengo sasoi amaierako azken txapelketa Marokon izan zen, eta bertan garaile izan ez arren, rankingeko lehen postuetan ziren bere arerioek baino emaitza hobea lortu ostean irabazi zuen aurtengo Europako txapela.

Costesek laugarren aldiz jarraian irabazi du Europako bodyboard titulua. Egun Portugalen bizi bada ere, Pierre-Louis Costes frantsesa da, beraz, bikain ezagutzen ditu bai Frantziako eta bai Portugalgo urautsi nagusiak. Hogeita bost urte baino ez dituen arren, mundu mailako erreferentzia da bodyboard zaleentzat. 2011. urtean munduko txapeldun izan zen eta azken urteetan punta-puntako postuetan izan da ranking mundialean. Aurten esaterako, hirugarren postuan amaitu du APB zirkuitu mundiala.

Nesken kasuan, Joana Schenkerrek irabazi zuen aurtengo nesken Europako bodyboard zirkuitua. 28 urteko portugaldar honek etxean lortu zuen titulua, urrian Madeiran izan zen nesken bodyboard txapelketaren ostean.

Madeiran hirugarren postuan geratu bazen ere, ranking orokorrean lehen postua eskuratu zuen, eta horrela 2015eko txapeldun bilakatu zen. Aurtengoarekin, Schenkerrek Europako txapela irabazten duen bigarren aldia izan da, iazko titulua ere berak lortu baitzuen.