DEC. 10 2015 Aire freskoa Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria Antipodetakoak baino garestixeagoa izan arren auzoko herrian ekoizten diren zapatak erosteak merezi duela ulertarazi diguten begiekin erreparatu behar zaio musikari. Urtetan, kontsumitzea baizik ez dugu izan buruan. Kontsumitzen dugunaren gibelean zer dagoen aztertzeko garaia da». Pascal Gaignek esana da, “Argia”-n Sustrai Kolinak egin dion elkarrizketan, eta ez da elkarrizketa berean agertzen den harribitxi bakarra. Eta gu pozik, oso pozik, gauza zentzudunak irakurtzeak ematen duen poz bakanegiak astinduta. Pozarren, musikari baten hitzak direlako. Handiuste eta nartzisismorik gabe, topikorik gabe hitz egiten duen musikaria delako. Konturatu al zarete gero eta musikari gehiagok hitz egiten duela futbolistek bezala? Eta sormena, ikerkuntza, esperimentazioa, lana, hizkuntzaren bilakaera... Musikarioi, publikoan behintzat, gutxiegitan entzuten zaizkigun gaiak, hausnarketak, usteak. Bete-betean gure jarduna definitzen dutenak, eta era berean hain intimoak, bere bakanean, bere umilean, hain iraultzaileak. Benetan, eguna pozteko modukoa, hain ulergarri kontatzea. Musikaz hitz egitea, munduaz hitz egitea ere badelako. Eta musika iraultzailea hainbeste estimatu arren, gutxiegitan hitz egiten dugulako musikaren ezaugarri eraldatzaileez, hitzak eta jarrerak alde batera utzita. Onena, ez direla rockak iraultzaile fin bihurtutako baten hitzak, musikaren langile umil, isil eta zintzo batenak baizik.