JAN. 07 2016 Eguberrietako miraria Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria Bai bai, mirari arrailtsu, handi, memoria kolektiboan gordetzeko modukoa gertatu zait. Gertakari oso ezohiko, miresgarri eta zabaltzea merezi duena, munduak jakin beza; bai, bada itxaropena. Durango bukatu eta uda atarira arte euskal musika bihurtzen den basamortu lehor eta zakarra zeharkatzen lagunduko didan zerbait izan da, hurkoarekiko konfiantza galdua berreskuratzen lagundu didana, kopeta argitu eta barruak sakon astindu dizkidana, usterik intimoenetako batzuk zalantzan jartzeraino. Mirari serio guztiek bete beharreko nahitaezko ezaugarriak bete ditu, gainera. Adibidez, data seinalatuetan gertatu izana, une pertsonal korapilatsu samar batean, eta jakina, eguraldiarekin lotutako fenomeno bitxiek lagunduta (erasoaldi tropikala). Bale, agian, mirari klasikoei falta zaien Hollywood ukitua falta izan zaio nireari (itsasoak banatu, itsuak sendatu zientoka, zerua su bihurtu, igel-euriak noiznahi...). Baina ezin esan horregatik ez duenik liburu sakraturen bateko aipamenen bat, edo gehiago, merezi. Kosta egin zait, dena dela, haren garrantzia onartzea. Ez da erraza izan ene barruan geratzen den zientzialari txiki, egoskor eta antiojoduna konbentzitzea. Baina bai, gertatu da, ondorio sakonak utzi ditu ene baitan eta horregatik erabaki dut zabaltzea, munduak merezi du-eta berri ona jakitea. Joan den egunean MUSIKA ONA entzun nuen SUPERMERKATU baten entzungailuetan!! Hernaniko kale nagusiko supermerkatu txikian izan zen, eta aldarea altxatzeko dirua biltzen ari naiz.