JAN. 12 2016 JO PUNTUA Harriak mugitzen Mikel Ibarguren Idazlea Urtero legez, milaka eta milaka Sisifo bildu ginen Bilbon eta Baionan aldapan gora daramagun harria bultzatzeko asmoz. Eta urteak pasa ahala jakitun gara preso, iheslari eta deportatuek zein egoera lazgarriak bizi dituzten. Batzuek sasian biziraun beharra daukate, bizirautea bera sekulako esfortzua delarik; beste batzuk burdin harresirik gabeko kartzeletan bizi dira, erabat deserrituak; eta gainontzekoak, intxaur azal baten barruan preso egoteaz gain, preso egotea nahikoa ez balitz bezala, estatu ezberdinen mendeku eta lainezek sortutako egoera gero eta jasanezinagoetan bizi dira, giza eskubiderik txikienak ere ukatuak, eritasunak hartuta barrutik usteltzen utzi arterainoko kasuak ditugularik, Lorentxa Gimonekin egiten ari diren bezala. Eta hau guztia jakinagatik ere, eta berria ez izan arren, asaldagarria egiten da; oraindik ere horrela edo okerrago gaudela jakiteak sortzen duen egonezin betierekoa. Hots, beti esperantza bera, nahi eta ezin bera, beti bi sentipen kontrajarri, noiz arte oraindik horrela, betiko harria mugitu nahirik ebidentzia baten aurrean, mundu guztiak ikusten duen egoera baten aurrean. Sakabanaketa politika hau mendeku hutsa dela, oinaze antzua dela, sufrimendua areagotu egiten duela, senideak zigortzen dituela eta abar esatea ez da soilik Jokin Aranaldek edo Gabi Mouescak esaten dutelako; gaur egun inoiz baino gehiago da Sylvaine Alaux edo Colette Capdevielle diputatu sozialistek nahiz Rosa Rodero edo Gemma Zabaletak ere hala diotelako, esan nahi baita presoen, iheslarien eta deportatuen egoerak konpontzea gatazkaren konponbidean urrats bat egitea dela diotelako. Hala ulertzen dugu eta hala ulertzen dute. Ideologikoki eta politikoki urrun egonagatik konponbidean eta giza eskubideetan bat egiten dugulako. Jendartearen zati handi batek horrela ulertzen duelako. Ez da soilik zer esaten den, baizik eta nork esaten duen. Teresa Todak esan bezala, arazo larri baten aitzinean gaude, Gemma Zabaletak esan bezala, egoera honen konponbideak agenda politiko berrian aitzakiarik gabe egon behar du eta gordiar korapilo hau askatzeko denon beharra izango da; horrenbestez, pentsa dezagun pentsamenduen gatibu gelditu gabe, hitz egin dezagun hitzen jopu bihurtu gabe, herri honen geroa ezingo dugulako eraiki herri honen parte bat falta den artean. «Hik bultza gogor hortikan, ta bultza nik hemendikan». Pentsa dezagun pentsamenduen gatibu gelditu gabe, hitz egin dezagun hitzen