JAN. 23 2016 JO PUNTUA Zalantzak Madrilen, bide argia Euskal Herrian? Floren Aoiz @elomendia Nahasketa nagusitzen da hurrengo espainiar gobernuaren osaketa dela-eta. Emaitzek hainbat aukera ahalbidetzen dituzte, baina denak korapilatsuak dira eta Kataluniako prozesua bere bidea egiten jarraitzeko gai izan delarik, zalantzak dira gaur egun jaun eta jabe Madrilen. Esanguratsua da oso hainbat eragile faktikoren presioa, espainiar batasunaren betiko leloa berreskuratuz eta PP baztertzeko asmoa anabasarekin lotuz. Betikoa da, finean, aldaketa haustura da, kaosa, egonkortasun eza, arazoak, pobrezia, gatazkak… Franco hil ondotik nagusitutako narratiba da, eraldaketa soziala satanizatzen duena, egonkortasuna eta kontsentsua goraipatuz. Finean, benetako politika politikakeriaren menpe jarriz, erabakiak gutxi batzuen eskuetan uztea, hau da helburua Gauzak honela, nabarmena da erabakitzeko eskubideak izugarrizko garrantzia duela zalantza giro honetan. Ikusi beharko da noraino iristen den Podemosek egin duen defentsa, baina argi dago Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan eta Galizian garrantzia izan duela aldarrikapen horrek. Mahai gainean, Estatuaren nazioaniztasunari demokratikoki erreparatzeko parada dago oraingoan ere, baina honek dena jartzen du kolokan, inposatutako eraikuntza politiko, instituzional eta diskurtsiboan lubakia irekitzen duelako. Sistema osoa jartzen ahal du kolokan eta beldurrak, berriz ere, nagusitu dira eliteengan. Zalantzak Madrilen. Eta Euskal Herrian? EAJk apustu kontserbatzailea egiten du, literalki, dagoen moduan jarraitzeko, hauteskunde usaina areagotzen den bitartean. Aldaketak segitzen du bere bidea Nafarroan, arazoak arazo. Errepresaliatuen egoerak hartu du protagonismoa eta aukerak irudikatzen dira etorkizunean. Oro har, berriz, badirudi argitu gabeko zalantzak ugaltzen direla gurean ere. Eztabaida irekita, presak ez dira onuragarriak eta luzera begiratzeko beharra nabarmena da, baina mundua ez da inoiz gelditzen, ezta pentsatzeko denbora behar denean ere. Oro har, badirudi argitu gabeko zalantzak ugaltzen direla gurean ere. Eztabaida irekita, presak ez dira onuragarriak eta luzera begiratzeko beharra nabarmena da