FEB. 01 2016 JO PUNTUA Larrialdi egoerak Ixabel Etxeberria Irakaslea Gizarte gaiak prentsa nagusiaren lehen lerroan ikusten ohituak gara. Hau da prentsari interesatzen zaiona eta politikariei behin eta berriz egunkarien azaletan agertzeko aukera ematen diena. Gizarte gaietan bortizkeria matxistak alta, gutxitan izaten du kazetarien arreta. Azken egun hauetan, aldiz, auzi baten ondotik, aurpegi ezagun batzuen mobilizazioaren ondotik, bikotea jipoitzen zuen gizonaren hilketarengatik erori den zigorra, oihartzun handia izaten ari da. Kondenatuak Jacqueline Sauvage du izena eta bizi guztian senarraren jazarpena jasan du, bere alabekin batera. Senarra hil eta gero hamar urteko zigorra ezarri diote, deia egin eta kondena baieztatua izan da. Laurogeita hiru diputatu eta senatarik ekarri diote sostengua, denak eskuinekoak, eta Hollandek errezibitu du familia, honek presidentearen barkamena eskatzen baitu Jacquelinentzat. Gertakari honek sortu duen mobilizazioak frantses gizartearen aurrerapen eskasa erakusten digu. Urte luzeetan familia horretan bizi zen bortizkeriaren gelditzeko tresneriarik ez du eskaini, urrats larrienera eraman du familia, horrez gain presondegiratze batekin bukatzeko. Esku garbitze ederra arduradun guztientzat, justiziaren autokonplazentzia emazteak senarra hil duenez zigorra merezi duelako. Bortizkeria matxistaren aurrean frantses gizartean dagoen hutsa, interes eza dugu begi bistan. Mobilizazioak, emazteen salaketak sortu du interesa, baitu larrialdi egoeraren txirrina jotzen. Larrialdi egoera asko daude une honetan frantses estatuan, Vallsek soilik legez luzatu nahi duen hori ikusten badu ere. Laborariena, agerian gelditzen ari dena, plazara atera baitira asko amildegira doazelako gobernuak daraman politikaren ondorioz; errefuxiatuena; euskal presoena. Taubira joan da, ez dakigu xuxen zergatik. Gure aldetik etxeko lanak ez ditu egin. Kopia hutsa utzi digu. Alta, gure presoak larrialdi egoeran daude, hau herri bat zapaltzeko baliatzen dute, isilarazteko. Larrialdi egoera asko daude une honetan frantses estatuan, Vallsek soilik legez luzatu nahi duen hori ikusten badu ere