FEB. 02 2016 Basque Culinary World Prize, sukaldaritza eraldatzaileari saria Ekimen iraultzaileak dituzten eta sukaldaritza gizartearen onurarako erabiltzen duten chefak saritzeko asmoz sortu da Basque Culinary World Prize, BCCk kudeatu eta Lakuako Gobernuak babestutako saria. Irabazleak 100.000 euro edukiko ditu proiektu bat jorratzeko. GARA DONOSTIA Gastronomiaren bilakaera ospatzeko sortutako saria da Basque Culinary World Prize. Sukaldaritza trukerako esparru aproposa dela sinetsita, «sentsibilitateak eta gaitasunak bilduz» gastronomiatik harago gizartean ere eragiteko gaitasuna badagoela uste dute Basque Culinary Center-en (BCC) eta, hala, Lakuako Gobernuaren partaidetzarekin, nazioarteko saria sortu dute gastronomia indar eraldatzailea bilaka daitekeela erakusten duten sukaldariak saritzeko. Garaileak 100.000 euroko saria jasoko du, «bere aukerako proiektu bati ekiteko». Hala adierazi zuten atzo sariaren sortzaileek, prentsaren aurrean egindako agerraldian. Azaldu zutenaren arabera, lehen edizio honetan BCCko Nazioarteko Kontseiluko kideek osatuko dute Basque Culinary World Prize-ko epaimahaia, Joan Roca chef katalanaren zuzendaritzapean. Bertan izango dira Gaston Acurio perutarra, Ferran Adria katalana, Alex Atala brasildarra, Dan barber estatubatuarra, Heston Blumenthal ingelesa, Massimo Bottura italiarra, Michael Bras frantziarra, Yukio Hattori japoniarra, Enrique Olvera mexikarra eta Rene Redzepi danimarkarra. Epaimahaiak uztailean hartuko du erabakia Donostian, eta saria irailean emango dute. Sarirako hautagaiak gastronomiako jarduneko profesionalek edota sektoreko erakundeek proposatuko dituzte horretarako sortu duten web orrialde baten bidez (www.basqueculinaryworldprize.com) eta, izendapenetarako epea amaitu ostean, erakunde ezberdinetako kideek –adibide moduan Zientzia Ikerketen Goi Zentroko akademikoak edota Kataluniako Oberta Unibertsitateko Elikagai Sistemako arduradunak jarri zituzten– osatutako Batzorde Teknikoak ebaluatuko ditu hautagaiak. Chef gonbidaturen bat ere izango da tartean, oraingo honetan Arzak jatetxeko Elena Arzak. Batzorde honek hogei hautagaiz osatutako zerrenda prestatu eta epaimahaiari emango dio, uztailean BCCn bildu eta azken erabakia har dezan. Gizartearen onuran BCCko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizegak esan zuenez, «sinetsita gaude gastronomiak eragin berezia izan dezakeela gizartean, chefek ahots publikoa izateak berekin dakarren erantzukizuna onartzen dutenean. Mundu guztiarekin partekatu nahi ditugu chefak hainbat lekutan egiten ari diren lan apartaren adibide zehatzak». Rocak «komunitatearekin konprometitua dagoen jendea» bilatzen dutela nabarmendu zuen eta Acuriok, bere aldetik, sukaldaritzak «askoz ere emaitza garrantzitsuagoak lortzeko bidea» izan daitekeela ziurtatu zuen. «Horregatik, sukaldariek barneratu egin behar dute eta konprometituta agertu, gizarte zuzenagoa, solidarioagoa eta iraunkorragoa lortzeko», gaineratu zuen. Bide beretik, Botturak etorkizuneko chefaren oinarriak «kultura, ezagutza, kontzientzia eta arduraren zentzua» direla esan zuen eta Brasek «sukaldaritza bizia» dela esan eta chefak gizartearen onurarako proiektuetan murgilduta ikustean poztu egiten dela gaineratu zuen, «hori baita sukaldaritzaren etorkizuna». Azkenik, Barberrek egungo elikadura-kulturak chefei eragina izateko plataforma bat eskaini diela adierazi zuen. SARIKETA Lehen edizioan Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Kontseiluko kideek hautatuko dute saritua. Uztailean erabakiko dute nork jasoko duen eta irailean emango diote saria.