FEB. 25 2016 Ideiekin jolastuz eta ironiaz ondu du Maleskik «Hau ez da poesia» Iraganarekin kontaktuan jarri eta barne gatazka eta kontraesanetatik abiatuta eraiki du Unai Maleskik «Hau ez da poesia», bere lehen argitalpena. Maitasunaz mintzatzen da iruindarra, baina baita gai politiko eta sozialez ere: munduaren eraldatzeaz eta Euskal Zeraz. Last update: FEB. 25 2016 - 06:47h Amalur ARTOLA DONOSTIA Bere familia liburu-denda baten jabe izanik betidanik irakurzalea izan bada ere, Unai Maleskik orain hamar urte irakurri zuen bere lehen poema. Ordura arte filosofia, politika eta antropologia saiakerek hartzen zituzten bere irakurketa orduak, eta, Castillo Suarezen “Bala hutsak” poesia liburuari azala egin beharrak ireki zion poesiarako bidea: «Liburuaren azala diseinatzeko enkargua egin zidan eta horretarako hainbatetan irakurri nuen liburua. Poema batek horren elementu gutxirekin horren sentipen sakonak eragiteko gauza izateak liluratu egin ninduen». Interes berria sortuta, beste autore batzuk irakurtzeari ekin zion Maleskik eta, «besteek zuregan sortutakoa eman nahi izaten duzunez», bere buruari «obra txiki bat» sortzeko erronka jarri zion. Hazi hartatik ernatu da “Hau ez da poesia”, Maleskiren lehen liburua. Aurkezpenean azaldu zuenez, komunikazioan eta diseinuan eskarmentua izateak lagundu dio testuak sortzen: «Ideiak ekartzen saiatu naiz, bizipenak, istorio txikiak, ezohiko ikuspuntu batzuk, agian. Agentziako lanean eskarmentua dut testu laburrak idazten, spotentzako gidoiak, esloganak, testu publizitarioak...», baita sare sozialetan ere. Twiterren bereziki, aski ezagunak dira Maleskiren izena eta estiloa, eta bilduma honetan ere ironiaz, kritikotasunez eta umorez zipriztindutako poema zorrotzak topa daitezke. Hala, poesia da, baina poesia izan gabe: «Horregatik jarri nion izenburu hori, ez dudalako poetikotasuna bilatu; uste dut ikuspuntu berriak azaltzen direla liburuan». Argitalpenak dituen lau ataletan zehar –“Hau ez da poesia”, “Zudependentzia”, “Gora gu ta beste asko” eta “Zer esan behar nizun...”– poesiaz beraz, maitasunaz eta, batik bat, gai politiko eta sozialez mintzatzen da Maleski, baita bere barnean sortzen zaizkion gatazka eta kontraesanez ere. «Iraganarekin konektatzeko ahalegina egin dut. Ez da erraza, memoriak maiz huts egiten digulako, baina batik bat emozioekin konektatzen ahalegindu naiz, askotan ez diegulako kasurik egiten». Gai sozial eta politikoei dagozkien ataletan, irakurlea zirikatzen du Maleskik. Egun bere burua «begiraletzat» badu ere, gai politikoekiko interesa eta kezka betidanik izan dituela aitortu zuen iruindarrak eta poemetan ere plazaratzen du ardura hori: «Ikusten dut mundua alde batetik doala eta gure Euskal Zera hau munduak hartu duen bidetik deskonektatuta doala. Kezkatzen nau Nafarroako eskuinak nola bihurtu nahi duen euskara gerra-zelai eta jendea zer egin ez dakiela ikusteak. Gauza horiek kezkatzen naute». Azalean, sorgin-gurpila irudikatu du Maleskik, «baina ez zentzu filosofikoan, politikoan baizik. Herri honetan betiko eskemak errepikatzen ditugu; iraganera begira gaude eta ezintasuna ikusten dut. Mundua abiada bizian eraldatzen ari da, ez gara egokitzen eta horregatik ez ditugu aprobetxatzen sortzen diren aukera berriak». Kezka horiek guztiak plazaratzeko ideiekin jolastu eta ironia erabiltzen du iruindarrak. «Naturalki atera zitzaidan horrela. Ironia erabiltzea aurrean duzunari inteligentzia aitortzea da; badakizu esango ez dudanarekin zer esan nahi dudan, eta hor sortzen da konplizitatea». KEZKAK «Herri honetan betiko eskemak errepikatzen ditugu; iraganera begira gaude eta ezintasuna ikusten dut. Mundua abiada bizian eraldatzen ari da, ez gara egokitzen eta horregatik ez ditugu aprobetxatzen sortzen diren aukera berriak».