MAR. 02 2016 Zertzeladetatik margolanera Kuantitatiboa da Loraldiak urte batetik bestera eman duen jauzia. Iaz asteburu bakarreko ekitaldia zena hamabost jardunalditara pasatu da aurten. Orotara 31 ekitaldi batuko ditu bere biran, 50 artista baino gehiagoren parte-hartzea batuz Bilboko hamaika leku desberdinetan. Euskal kulturari erakusleiho bat, lore bat beste baten atzetik, jauzika. Last update: MAR. 02 2016 - 06:28h A.K. BILBO Euskal kultura bere modernitatean, bere gaurkotasunean, bere nortasun eguneratuan zabaldu, ikusarazi eta erakusteko bizi da Loraldia. Helburu horrekin jaio zen iaz, apenas pare bat egunez luzatu zen egitarau batekin. «Anbiziosoak ginen», aipatu du Imanol Agirre zuzendari artistikoak. «Iaz eman genituen gure nahien zertzelada batzuk. Bigarren edizioan nolabait gure ametsetik hurbilago jarri gara: euskal kulturaren jaialdi erraldoi bat». Gurariari ondo baino hobeto eutsi diote antolatzaileek urtebete beranduago. Izan ere, aurten hamasei egunez (apirilaren 9tik 24ra) zabalduko da, 31 ikuskizun eskainiko ditu, 50 artista baino gehiagoren parte-hartzea izango du eta Bilboko hamaika lekutan egingo da. Inork ezin esan diezaioke jaialdi honi hazkundea izan ez duenik. Loraldia festibalak euskal kultur ekoizpenaren erakusleiho izateko asmoa du, modernitatearen, garaikidetasunaren izenean. Eta Anton Abbadiak du neurri batean horren errua. «Anton Abbadiak orain dela 150 urte Lore Jokoak asmatu zituen. Helburua nolabait zen euskal kultura jartzea munduko beste kulturen pare. Prestigioa ematea, ikusgarri egitea. Ideia horrekin lanean jarri gara eta guk ulertzen dugu euskal kultura arlo guztietatik begiratuta. Horregatik jaialdiak erakusten du gaurko euskal unibertsoaren modernitatea eta begirada guztietatik, arte eszenikoak, musika, antzerkia, bertsolaritza, ikus-entzunezkoak, arte plastikoak… Eta saiatzen gara ahalik eta gauza berritzaileenak, estreinaldiak, ekoizpen propioak erakusten eta pizten», azaldu du Agirrek. Loraldia, baina, erakusleiho izatetik harago doa eta euskal kultur ekoizpenaren ekosistema osatzen duten eragileen arteko elkarlana sustatzeko es pazio ere izan nahi du. Hala, hainbat eragilerekin batera ekoitzitako hainbat ikuskizun aurkezten ditu. Horien artean, Laboa Jazz izenburupean, Iñaki Salvador piano jotzaileak beste musikari batzuekin apirilaren 16an egingo duena, edo Anjel Lertxundik etorkizunaz egingo duen hitzaldia, Miren Amuriza eta Maialen Lujanbio bertsolariek Igelaren Bandarekin batera musikatu eta kantuan jarriko dutena (apirilak 24). Elkarlaneko ekoizpenez gain, beste hainbat ikuskizunen sustatzaile ere izan da Loraldia. Maite.K da horietako bat. Pier Paul Berzaitz gidari dutela, Joxean Goikoetxea, Juhane Dascon eta Kukai dantza konpainiak osatutako taldeak zazpi emakumeren bizitzako pasarteak errepasatuko ditu. Aukeran dantza taldeak, bere aldetik, Euskal Herriko emakume aitzindarietako bat hartuko du hari nagusitzat bere ikuskizun berrian, “Maurizia”. “Shane MacGowan Gibela” ikuskizunean, Unai Elorriaga The Poges taldeko kantari izandakoarengan oinarritu da gidoia osatzeko eta Gibelurdinek taldeak The Pogesen bertsioak egingo ditu. Bilbronxek kaleko arteak bilduko ditu bigarren urtez. Ikasle eta familientzat proposamenak ere izango ditu Loraldiak, hala nola “Muxua” antzezlana, pastoral eta maskaradei buruzko hitzaldia gazteentzat eta “Oihanetik txangoa” eta “Denboraren makina” haur tailerrak. Badok Geroa kontzertuen artean, aipagarrienak, Maddi Oihenart eta Anari, Aguxtin Alkhat eta Enkore eta lagunak. Horrez gain, liburu aurkezpenak Elkar dendetan eta “Thinking Football” film laburren lehiaketa Athletic Fundazioarekin elkarlanean. Ikuskizun batzuetarako bonua izango da salgai Elkar dendetan eta Internet bidez. 50 bonu baino ez dira salduko, 30 euroren truke, hau da, sarrerak banaka erosita baino %40 merkeago. Bonua apirilaren 1era arte egongo da salgai. Sarrerak ikuskizun bakoitza burutuko den aretoko leihatilan edo webgunean erosi ahalko dira. Ikuskizun batzuk doakoak dira baina gonbidapena behar dute. Horiek lortzeko eta Loraldiari buruzko informazio osoa jasotzeko Loraldia.eus webgunea abian da. UNIBERTSOA «Jaialdiak erakusten du gaurko euskal unibertsoaren modernitatea eta begirada guztietatik egiten du, arte eszenikoak, musika, antzerkia, bertsolaritza, ikus-entzunezkoak, arte plastikoak… Eta saiatzen gara ahalik eta gauza berritzaileenak erakusten», agertu du Imanol Agirrek.