MAR. 03 2016 Gaur dugu Maiatzaren Lehena Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria Martxoaren Hirua guretzat langileon eguna dela dio lagun batek. Egutegi gehienetan aipatzen ez bada ere, belaunaldiz belaunaldi bizirik jarraitzen dute Gasteizko historia irauli zuten gertaerek eta 1976ko jazoeren ostean jaiotako askok ere Zaramagako sarraskiaren itzalpean bideratu ditugu ezkerreko uste sendoak. 40 urteren ostean, Martxoaren Hirua egutegietan letra xehez idaztea da gutxienekoa. Letra larriz behar duten ordain eta errekonozimendurik ezean, historiak garrasi egingo du efemeride eske, eta odol tantekin izkiriatutako “justizia” hitzak memoriak kolpatuko ditu etengabe. Tximinien ke arrastorik gabeko lantegiak orube besterik ez direnean, bisita gidatuak antolatzen dira hildakoen oroimenak ihes egin ez dezan; egia, oroimena eta justizia artelan eta liburu bihurtuz, zerura iritsi nahi duten hormak apaindu dituen langile-auzoan. Guk ez genuen martxo hura aukeratu. Kanpai-hotsekin sortutako abesti ederrenari ere uko egingo genioke, aukera bagenu. Nahiago genuke Maiatzaren Lehenak egutegietan duen kolorea, eraildako langileen odolaren gorria baino. Ez gaituzte deitu egutegien antolaketara, baina egiarekin zorretan gaudenez, egutegien orriak banan-banan kenduta historia berridazteari ekingo diogu eta memoriak gogoraraziko digu egun denak gorriak izango diren etorkizuna eraikitzera deituak garela.