MAR. 19 2016 Langile bat koman, Iruñean aldamio batetik erori eta gero GARA IRUÑEA 36 urteko langile bat koma egoeran zegoen atzo Nafarroako Ospitalean, ostegunean Iruñeko Iturrama auzoko eraikin bateko bosgarren solairuan zegoela aldamiotik erori ondoren. Udaltzaingoak azaldu zuenez, lan istripua Iturramako Pintor Crispin kalean gertatu zen eguerdian. Gaztea eraikin bateko bosgarren solairuan zegoen eta aldamiotik erori zen, ikertzen ari diren arrazoiak tarteko. Nafarroako Ospitalera eraman zuten, oso larri, eta atzo koma egoeran zegoen. LABen manifestazioa Aste gogorra izan da, lan istripuei dagokienez. Alberto Badiola eta Jabi Elu ondarroarrek bizia galdu dute izotz fabrikan. Bihar Lekeition omenduko dituzte, manifestazioaren ondotik. LABek egin du deialdia 12.30erako, Eskolapean. “Lan istripu gehiagorik ez! Lan heriotzarik ez!” lema izango du martxak.