GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
ITXARO BORDA
IDAZLEA

«Batzuetan uste dut beste hizkuntzetan mintzo diren eta euskara ulertzen ez duten irakurleei zor diegula elebitasuna»

Gaur ospatuko da Sarako Idazleen Biltzarraren 33. edizioa, eta bertan izanen da Itxaro Borda. Edizio berezia izanen da idazlearentzat, antolatzaileek aurtengo Biltzar saria ematea deliberatu baitute, eta gainera «Ultimes déchets» (Azken hondakinak) bere azken obra aurkezteko parada ere izanen du arratsaldean. Biei buruz mintzatu gara Bordarekin elkarrizketan zehar. Liburuak bi gai korapilatsu ekarri ditu gogoetara: batetik, obra ele bitan argitaratu izana, euskaraz eta frantsesez; eta bestetik, Amaia Ezpeldoi detektibeak ikertzen dituen hondakinen tratamenduari buruzkoa.


Biltzarrean, zure lana saritzea deliberatu dute aurten. Nola hartu zenuen berria?

Ene galdea zen hastapenean sari bat merezi nuen ala ez.

Egiten duzun lana preziatua den erakusle bat da.

Bai, baliteke. Saririk gabe ere egiten ohitu naiz. Erran behar dut sariaren bila joanen naizela eta ondo pasatuko dudala. Sara, eta Sarako eskola, Axular… Neurriak atxikiz, ildo horretan kokatzen nau sari horrek, horrelako kontinuitate bat bezala literaturan. Euskal literaturak Saran du bihotzaren parte bat.

Pentsatu duzu zer etorriko zaizun burura hara saria hartzera joanen zarelarik?

Sarako eskola, eta beste idazleak ere, beharbada nik baino gehiago mereziko zutenak, eta beharbada hurrengo urteetan ukanen dutenak. Ni hondar pikor bat besterik ez naiz hondartza handian.

Beharbada norbaitentzat hori baino gehiago zara.

Beharbada, besterik gabe atzean eta ondoan dugun historiarik gabe, ezer ez gara.

«Ultimes déchets» zure azken liburua elebiduna egin duzu, liburua irekitzean alde batean euskaraz eta parean frantsesez irakur daiteke. Zergatik hartu duzu erabaki hori?

Ez da lehen aldia horrelako liburuak ateratzen direla. Enetzat ere ez da lehen aldia, Amaia Ezpeldoi sailean ere atera zen, hiru ipuinetan, baina ez zen batere aipatu, 2000. urte inguruan. Hau da bigarrena, Maiatz argitaletxean ateratzen dena.

Batzuetan behar da, nik behar dut, beste hizkuntzetan mintzo diren eta euskara ulertzen ez duten balizko irakurleengana joan. Askotan gurutzatzen ditut ene bizitza normalean edo idazle bizitzan, batzuetan uste dut orokorki zor diegula elebitasuna.

Esango zenuke, beraz, bizitzan gurutzatu dituzun pertsonek egindako eskaera bati emandako erantzuna dela?

Uste dut batetik hori dela, eta bestetik idazten dudana publiko zabalago bati eskaintzeko baliabide bat ere badela elebitasuna.

Euskaldunak ez diren pertsonek nahi hori helarazi dizute?

Bitxia dirudi, baina bai, egia da, bai Euskal Herrian, baita hemendik kanpo ere. Badira esaten didatenak pena dela ezin dutela nire lana irakurri. Beharbada hori gehiago gertatzen da Euskal Herritik kanpo. Egiten dudana gaztelaniaz, katalanez edo gailegoz badago, zergatik ez egin, burua apalduz, nirea ere baden hizkuntza horretan? Nahiz eta gaizki ikusia den, nahiz eta «gabatxo» egiten nauen [irriak], nahiz, nahiz… zergatik ez egin frantsesez?

Izan diren kritika horiei zer erantzungo zenieke zuk?

Ez zaizkit… Ez da kritika anitzik izan. Gero, euskal munduak ez du soportatzen elebitasun hori. Frantses-euskara elebitasuna nire maila apaleko idazleentzat ez du soportatzen; gero, idazle handiagoentzat sari bat bezalakoa da, baina nire mailakoentzat tatxa bat bezalakoa da.

Ze mailataz ari zara?

Erran nahi dut frantsesari buruz, itzulpenari buruz. Itzulpena izan ohi da merezitzen dena, eta idazle handiek merezitzen dutena, eta beste batek egiten du itzulpena, eta hor are apalagoa izateko neronek egin dut itzulpena. Liburua ez da hori bakarrik, arazoa da, eta ezin dut atzera egin.

Baina atzera egingo zenuke ala?

Bakearen amoreagatik, atzera egingo nuke, baina ezin dut.

Azkenean esan izan dizutena da euskarak galtzeko aukera gehiago dituela frantsesak baino.

Bai, hori da. Kontziente naiz, badakit, ez naiz inuxentea ere. Baina betiko eztabaida da, hori da gure mundua larrutzen duen eztabaida. Nola onartzen dugun euskara-gaztelania elebitasuna, hori gauza normala balitz bezala, eta bestea ez dugun onartzen. Hori beste galdera bat da aztertzeko. Aurrekoan ikusi nuen: Arnaldo Otegik bere mintzaldia bi hizkuntzetan eman zuen txalo eta miresmen artean. Esan nahi dudana da hizkuntza jarrera horiek balioztatuak direla positiboki, eta beste batzuk…

Kritika horietatik suposatzen da horrelako liburu elebidun bat delarik jendeak zuzenean frantsesera joko duela.

Bai, hori da. Bada erramolde bat oso berezia erraten duena «frantsesera lerratzen dira». Lerratzeak erran nahi du istripu bat bezala, edo inkontzienteki egindakoa, erraztasunera jotzea. Alderantziz gertatzen bada… «euskarara lerratu naiz», hori ez da askotan gertatzen.

Eta zuri, lerratu egin zarela iruditzen zaizu?

Ez, euskaraz idatzi dut, eta gero lan bat egin dut nire baitan, nirea ere baden beste hizkuntza horrekin, hori dira bi ondorioak liburu berean, niretzat.

Liburuaren mamiari dagokionez, erran dezakegu aktualitatean dagoen gai bat dela: zaborrena. Gainera, Amaia Ezpeldoiren ikerketaren muina den Hazparneko Hazketa hondakindegia ekainaren 1ean itxiko dela jakin berri dugu.

Nik bereziki Hazketa inguruko jendeentzat oso baikorki hartzen dut. Kutsadurak, usain txarrak txikituko dira, baina arazoa ez da konpondua lur meta horien azpian bada usteldura erraldoi bat, eta hurrengo urteetan urak isuriko ditu, orain egiten duen bezala.

Urrats bat aitzinatu da, eta erran nahi du aterabideak posibleak direla, eta ez bakarrik nobeletan eta fikzioan.

Gai garrantzitsua da egungo gizartean hondakinena, eta horiekin zer egin.

Horiekin zer egin? Eta zer da hondakina? Zer da errealki, eta zer da metaforikoki ere? Ez al gara denak hondakin ororen buru? Bizi garenean eta hiltzen garenean seguru? Bizi garenean ere hondakin bizitzak eramaten ditugu, eta galderak dira hor, zer ateratzen da gure egunerokotik. Errealki zer sartzen dugu gure zikin poltsetan? Zer harreman dugu poltsa horiekin eta zikinarekin? Galdera guztiak biltzen dira hor, galdera etikoak, ekologikoak eta estetikoak ere biltzen dira zaborraren inguruan.

Zer da “hondakin bizi” bat?

Frantsesez erraten dena «une vie de merde» [irriak]. Astean behin bederen erraten duguna, askotan txantxetan, zainetan gaudenean.

Egunerokoa eta aldi berean hain sakona den gaia jorratzeko zein izan da bidea?

Baliabidea lehenik izan da Amaia Ezpeldoi detektibea, eta bidea izan da Hazketa 2010 elkartea, eta Oragarreko jende batzuek alertatu ninduten arazo baten gainean, eta nahi zuten zerbait egin nezan, eta azkenean nobela atera da. Bide erreala hori da.

Errealitatea oso hurbildik sentitzen da.

Bai, oso hurbildik da, dokumentuak izan ditut, baina irudimena ere izan da, eta nihaurrek entzuten eta ikusten dudana, bistan dena. Ameslari bat bezala pasatzen naiz, baina ez naiz mundutik kanpo bizi.

Zer ekarri dio «Ultimes déchets» horiekin ibiltzea Amaia Ezpeldoiri?

Lehenik ikustea arazoa oso zabala dela, ez da bakarrik Hazketa, Oragarreko proiektua edo Mendikotakoa; Hegoaldean ere izan da eztabaida luze eta astun bat, eta oraindik ere bada; munduan barna ere bai. Nobelan agertzen da Ghanako aipamena eta Siziliakoa, Roberto Savianok ere aipatzen baitu esanez mundu osoko arazoa dela hondakinena.

Eman dezagun itsasoaren kutsadura, zazpigarren kontinentea deitzen duguna, uharte hori dena plastiko eta hondakin dena, horren kontzientzia lortzea baimentzen dio. Zikina izanagatik hondakinak eta azken puntako hondakinak metatzeagatik ere, badela Euskal Herrian edertasuna. Badira orrialde batzuetan ingurumenaren aipamen haluzinatuak, kontraste gisa. Zikina eta edertasuna, goiz baten edertasuna edo arrats apal batena Bidaxuneko hilerri juduan… horrelako kontrasteak badira errateko ez dela dena galdua, indar bat egiten badugu. Hori da ondorioa, indarño bat egiten badugu denek, gauzak bestela ere bihurdikatzen ahal direla.

Ondorio gisara, hori da azken liburu honetatik aterako zenukeena?

Bai, nahiz eta txikikeriak izan, bai. Kolibriaren mentalitatearekin, gauza txikiak eginez eta egunero kontuz ibiliz alor zonbaitetan hori bai. Azkenean hori du Amaia Ezpeldoik ere, nahiz eta sugeak edo kulebrinak irentsi, behar dela aitzina joan. Hori da azken orrialdetan agertzen dena.

Zer da, ondorio baikorra ala ezkorra?

Baikorra, zaila izanagatik behar da aitzina joan, eta gogotik.