GARA Euskal Herriko egunkaria
Txirrindularitza

Durangok emango dio hasiera urteko aste oparoenari

Emakumezkoen tropel profesionala Euskal Herrianbilduko da aste honetan Durangoko Saria etaEmakumeen Bira lehiatzeko. Johansson, Armitsteadeta Longo dira parte-hartze zabalaren buru.


Gizonezkoen txirrindularitza profesionalari dagokionez Euskal Herrian izaten den asterik oparoena amaitu bezain laster, emakumezkoen asterik garrantzitsuenari ekingo diote gaur bertan. Izan ere, Durango-Durango UCI Saria - Juan Mari Balier Memoriala jokatuko da Bizkaiko errepideetan –irteera 15.00etan izango dute eta amaiera 17.50 eta 18.10 artean–.

Azken urteetan tradizio bilakatu denez, Durangoko klasikoa bihar hasiko den Emakumeen Biraren atarikorik aproposena izango da. Hala ere, aurtengo berrikuntza nagusia dataren aldetik dator: Bira ekainetik apirilera aurreratu behar izan denez UCIren beharretara moldatzeko, Durangoko lasterketa ere, emakumezkoen txirrindularitzan Euskal Herrian egiten den egun bakarreko proba garrantzitsuena, aurreratu egin behar izan da.

Txirrindulariek 113 kilometroko ibilbide berrituari egin beharko diote aurre. Durangoko Ezkurdi Plazatik irtenda, Iurreta, Abadiño, Elorrio, Atxondo eta Berriz inguruan egingo dute lasterketaren lehen zatia, zirkuitu bati bost itzuli emanez. Azken kilometroetan, aldiz, Iurretara hurbilduko da tropela, tartean eguneko zailtasun nagusia, Goiuria gaina, bi aldiz gainditzeko: lehen aldiz 18 kilometroren faltan eta bigarrena helmugatik zazpi kilometro baino gutxiagora. Amaiera ere, Ezkurdin.

Guztira 21 talde

Aurten Emakumeen Biran izango den partaidetza oparoa Durangoko Sarian ere nabarituko da. Guztira 21 taldek hartuko dute parte: Bizkaia-Durango, Lointek, Euskal Selekzioa, BZK, BioRacer eta Caispe euskaldunak, eta nazioarteko Boels, Ale Cipollini, Wiggle, Kataluniako selekzioa, Lotto Soudal, Fassa Bortolo, Bepink, Valkenburg, Mat Atom, Cylance, Vitalogic, Drps, Australiako selekzioa, Poitou Charentes eta Podium.

Izen konkretuak aipatzerako garaian irteeran izango dira, besteak beste, Emma Johansson iazko irabazlea, aurten Wiggle-n taldekide dituen Anna Sanchis eta Elisa Longo apartak, Lizzie Armitstead –munduko txapelduna izateaz gain, Flandriako Tourra eta Strade Bianche irabazi berri dituena–, eta Megan Guarnier bere taldekidea.

Bizkaia-Durangok Lourdes Oyarbide, Lierni Lekuona, Mavi Garcia, Roos Hoogeboom, Kim Le Court eta Heidi Dalton aurkezten ditu. Lointek taldeak, aldiz, Rocio Garcia, Lucia Gonzalez, Cristina Martinez, Eider Merino eta Alba Teruelen aldeko apustua egingo du gaur.