APR. 17 2016 Goierriko 300 hautetsik babestu dute ekainaren 19ko herri galdeketa Joera politiko ezberdinetako alkate, zinegotzi, alkate ohi eta zinegotzi ohiek agerraldia egin zuten atzo Araman, ekainean egitekoa den galdeketa babesteko. 1931n herri horretan bertan eta beste zenbait udalerritan autodeterminazioa aldarrikatu zutela gogoan izan zuten eta, hain zuzen, duela 85 urte bere aitona Joaquin Mujika alkateak egin bezala, egungo Aramako alkate Asier Mujikak irakurri zuen manifestua. GARA DONOSTIA «Goierriko herritarrek elkarrekin, adostasun kultura hauspotuz, elkarrizketa irekiz eta parte hartzaileak sustatuz, estatus politikoaren inguruan ikuspuntu ezberdinen argudioak zabalduz, azken finean herritarrak ahaldunduz eta demokrazian sakonduz ematen ari diren pausoak oso positibotzat ditugu». Hauxe da, besteren artean, Gipuzkoako eskualde horretako 300 hautetsik baino gehiagok babestutako manifestuak adierazten duena. Atzo aurkeztu zuten, Araman, eta duela 85 urte leku horretantxe egin bezala, herri honen erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarri bihurtu zuten agerraldia, eta ekainaren 19an egingo den herri galdeketan parte hartzera deitu: «Araman orain 85 urte bertako ordezkari politikoek egin zuten moduan, 2016. urteko apirilaren 16an, Goierriko ordezkariak garen heinean, gogora ekarri nahi ditugu orain 85 urte Goierriko ordezkari politikoek sinatutako aktak. Hala nola, Elkarrekin prozesuarekin bat egin eta herritarrei ekainean egingo diren herri kontsultetan parte hartzeko deia egiten diegu. Ehunduz, adostuz eta erabakiz, demokrazian sakonduz. 85 urteren ondoren, estatus politikoaren ardatzaren eztabaida bizirik dago», gaineratzen dute. Arbasoen bideari jarraituz Asier Mujika Aramako alkateak irakurri zuen manifestua. Hain zuzen, bere aitonak, Joaquin Mujikak, 1931n egin zuen legez. Mugimendu politiko handiko hilabetea izan zen 1931ko hura; Espainian udal hauteskundeak izan ziren, eta errepublikazaleek irabazi zuten. Apirilaren 14an Errepublikaren aldarrikapena egin zen Eibarren. Egun berean, Kataluniar Errepublikaren aldarrikapena egin zuten Katalunian. Bizkaiko bost alkatek, Getxoko alkatea zen eta gerora lehendakaria izango zen Jose Antonio Agirre tartean zela, autodeterminazioaren aldeko manifestuak bultzatu zituzten Hego Euskal Herriko udalerrietan, eta bide horretatik heldu zen apirilaren 16an Aramako alkate eta zinegotzi guztiek onartutako idazkia. Bertan, Euskal Herriari «nazio gisa dagozkion eskubide natural eta historikoak» aldarrikatu zituzten, eta «autodeterminazio eskubidearen lehen ekimen bezala» Euskal Errepublika aldarrikatu zuten. Ordutik gauza asko aldatu dira, baina Goierrin berdin-berdin jarraitzen dute Euskal Herriaren etorkizuna herri honetako biztanleek erabaki behar dutela adierazten. Eta horretarako beta izango dute ekainaren 19an. BABESAGoierriko 8.875 biztanleren babesa lortu du ekaineko galdeketa martxan jarri duen prozesuak. Galdera, Legazpin aurkeztu zuten duela gutxi: «Nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?»