GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Gorka Estebanek aise lortu du finalerako txartela

Lehen erdian jaun eta jabe izan zen errioxarra eta Arteaga partidan sartu zenerako aldea nabarmena zen.


GORKA 22

ARTEAGA II.A 11


Gorka Esteban da Promozio Mailako Buruz Buruko Txapelketako lehen finalista. Errioxarrak oso zuzen jokatu zuen hasieratik amaierara, oso opari gutxi eginez, eta modu horretan aise menderatu zuen Asier Arteaga. Etxean jokatzen zuen lasartearrak huts gehiegi egin zituen lehen zatian, eta bigarren erdian erakutsitako hobekuntza ez zen nahikoa izan 22ra iristeko.

Gorka oso kezkatuta irten zen kantxara, aurreko astean orkatilan izandako bihurrituak baldintzatuko ote zuen beldurrez, eta esan daitekeena da baldintzatzekotan onerako izan zela. Gehiegi arriskatu nahi ez horretan, pilota ederki zuzendu zuen alde batera eta bestera, neurriz pilotaleku berezian jokatzen ari zirela jakitun. Arteaga, aldiz, bere onetik irtenda ibili zen lehen tantoetan, eta horren erakusle pilotalekuko sabaira bidali zituen bizpahiru pilotak.

Mota guztietako tantoak eginez, azkar ireki zituen aldeak markagailuan aurrelari errioxarrak: 4-1 lehenik, 8-2 ondoren, eta 13-3 azkenik, partida ia erabakita utziz. Zaleak etxekoaren alde zeuden arren, ikusgarriak Ezkaraikoak bikain sartutako lau horma-bikoak, esaterako.

Zaparrada hori nolabait pasata, Arteaga hobeto jokatzen hasi zen, eta bigarren erdia parekatuagoa suertatu zen askoz –Gorkak fisikoki asko sufritu zuela esan zuen gero–. Gipuzkoarrak berak ere tanto sorta ederra amaitu zuen bukaeran, pilotazaleek gustura txalotu zituztenak.

Beste finalista gaur ezagutuko dugu Bergaran: Mendizabal III.a eta Tainta izango dira nor baino nor jaialdiko lehen partidan.

Ordezkoek larri irabazi zuten Aizarnazabalen

Ezkurra-Ion bikoteak irabazi zuen –Urriza-Zalduaren ordez aritu zirenak– Gipuzkoa Sariko finalerdia Aizarnazabalen, Segurola-Endika larri (30-29) menderatuta.

Debutariek itxura ona eman dute Galarretan

Atzo Galarretan debuta egin zuten sei erremontistek –Erburu, Garces (10 tanto egin zituen sakez), Barricart, Otano, Azpiroz eta Beñat– itxura ederra eman zuten.