JUN. 13 2016 ALASKA Colin Haleyk Sultana mendiko«Infinite Spur» bakarka egin du George Lowe-k eta Michael Kennedyk 1977. urtean zabaldu zuten, eta marra mitiko hori egiteko 18 egun behar izan zituzten. Haleyk, berriz, 12 ordu eta 29 minutu soilik. Hil honen lehen egunean izan zen. Estatubatuarrak dio jaitsiera muturrekoa izan zela. Last update: JUN. 13 2016 - 10:00h Andoni ARABAOLAZA Eskuarki, Colin Haleyk egiten dituen jarduerak ia jende oro ahoa bete hortz uzten dute. Eta ez da harritzekoa. Bere curriculumari begiratzen badiogu, ohartuko gara goi mailako eskaladak egiten dituela. Urtero-urtero estatubatuarra ekarpenaren bidean jartzen da. Berdin dio sokakide batekin edo bakarka. Baina, esan dugun bezala, eskaintzen duen katalogoa beste dimentsio batean dago. Haleyren azken “kontzertua” Alaskan izan da. Xede zahar batekin azaldu zen: Sultana mendiaren (5.304 m) hegoaldeko aurpegian dagoen “Infinite Spur” bide mitikoa. Baina marra kilometriko horretan (3.000 metrokoa da) egin diren eskaladak ikusita, zein izango ote zuen helburu zehatza? Erantzuna nahiko argia zen: bakarka eta azkar. Eta hala egin du. Jakina, 1977. urtean George Lowe eta Michael Kennedyk zabaldutako proposamenak hainbat eite gogor gordetzen ditu bere baitan: garaiera, luzera eta zailtasuna. Azken horri dagokionez, aipatu behar dugu Alaskako eskalan gradu gorena duela: 6. Eta teknikoki: 5.9, M5 eta AI4. Osagai horiei guztiei egin behar izan zien aurre. Eta hilabete honen lehen egunean bidean sartu eta 12 ordu eta 29 minutura tontorra zapaldu zuen. Harrigarria, beraz, protagonista honek beste behin alpinismoari eskaini dioena. Batetik, marra hori bakarka igotzen lehena izan delako. Eta bigarrenik, oso-oso azkar igo duelako. Esan beharra dugu ere maiatzaren 18an, Rob Smith-ek eta Haleyk soka gerrira lotu eta “Infinite Spur” eskalatzeko 18 ordu eta 20 minutu behar izan zituztela. 24 ordu baino gutxiagoan egiten zen lehen igoera izan zen. Gogora dezagun Sultana mendia, Denaliren (6.190 m) ondoren, Alaskako bigarren mendirik garaiena dela. Hego aurpegian zabaldutako “Infinite Spur” Alaskako ikono bihurtu zen, batez ere bere zailtasunagatik. Ziur aski horregatik lehen errepikapena hamarkada batera heldu zen. Protagonistak Mark Bebie eta Jim Nelson izan ziren; sokada horrek 13 egun behar izan zituen. 2000. urtean, berriz, Barry Blanchard eta Carl Tobinek astebetean igo zuten. Eta urtebetera, Steve House eta Rolando Garibottik ia esprintean eskalatu zuten: 25 orduan. Baina Haley gai izan da denbora hori txikitzeko; izan ere, 13 ordu gutxiago behar izan ditu. Hein batean bederen, alpinista estatubatuarrak “Infinite Spur”-en berri bazuen. Bai, duela lau urte saio bat egin zuen, baina eguraldi beroagatik marra hori baldintza oso eskasetan zegoen, eta Haleyk atzera egin zuen. Maiatzaren 2rako protagonistak Kahiltnako kanpamentuan denda ezarri zuen. Harekin Smith zegoen. Girora egokitzeko Denaliren “West Buttress” aukeratu zuten, baina Haleyk bakarrik lortu zuen gailurreratzea. Atseden hartzen eman zituzten egun batzuk, eta orduan erabaki zuten girora egokitzeko fase hori Sultanako hegoaldeko aurpegian dagoen “Infinite Spur”-en egingo zutela. Baina eguraldiak okerrera egin zuen eta kanpalekutik atera ezinik geratu ziren. Maiatzaren 27a iritsi zen. Sokadak eguraldia lagun zuen, eta oso goiz errimaian ziren. 18 ordu eta 20 minutu beranduago biak ala biak tontorrean zeuden. Haleyk onartu du bidearen lehenengo erdian hiru britainiarren “laguntza” jaso zutela; hots, aurretik zeuden alpinista horiek zabaldutako urratsari segitu zioten. Bizkar-zakuetan ia pisurik gabe, bide osoa ensamblean igo zuten. Gailurrerian bibaka egin eta, ondoren, jaitsiera arazorik gabe egin zuten. Biharamunean, goizeko seietan, kanpalekuan zeuden. Ordu batzuetara, hegazkin batek Smith hartu eta etxera eraman zuen. Haley bakarrik geratu zen. Lehenbiziko helburua bete ondoren, bigarrenari ekiteko prest zegoen. Estatubatuarrak adierazi du xede horrek asko erakartzen zuela: «Bide mitiko hori eskalatu duten hainbat kiderekin hitz egin dut, eta den-denek adierazi zidaten ‘Infinite Spur’-en erronka handiena mendiak duen dimentsio erraldoia eta konpromiso naturala direla. Eta ez hainbeste marra horrek dituen zailtasun teknikoak». Bakarka eta azkar Estatubatuarrak argi eta garbi zuen “Infinite Spur” bideak zituen baldintza ikaragarri onak aprobetxatu behar zituela. Horretaz gain, jakin bazekien hurrengo bi egunetarako eguraldi ona iragartzen zutela. Eta maiatzaren azken egunean, goizeko zazpietan, kanpalekutik irten zen. Ekainaren lehenean, ia goizeko lauretan errimaia gainditu zuen: «Robekin egin nuen bezala, gainean neraman motxila oso-oso arina zen. Bueno, zehaztu behar dut, arinagoa; izan ere, soilik 5 milimetrokoa den 15 metroko soka eraman nuen. Jakina, bidearen metro bakoitza ondo ezagutzen nuen, eta horregatik nire erritmoa oso egokia izan zen. Niretzat ‘Infinite Spur’ marra informala eta sokarik gabe eskalatzeko oso aproposa da. Alabaina, une tentso batzuk pasatu nituen, batez ere ‘Knife Edge’ izeneko ertzean zegoen urdin koloreko izotz gogorra eskalatu nuenean». Goizeko 11:20an ertza bukatu eta, ordubeteko atsedena hartu ondoren, arratsaldeko 16:18an gailurra zapaldu zuen. Guztira, beraz, 12 ordu eta 29 minutuko eskalada izan zen. Baina Halyren poza di-da batean desagertu zen. “Infinite Spur”-en bakarkako lehen eskalada eta igoera azkarrena egin ondoren, jaitsieran muturreko latza jasan zuen. Bizirik irauteko esperientzia gordina izan zuen. Lehen metroak, “japoniar” bidetik, arazorik gabe jaitsi zituen. Baina Sultanako ertzera heldu eta ordubeteko atsedena hartu zuenean, eguraldiak okerrera egin zuen. Ekaitzak bete-betean harrapatu zuen: elurtea, apenas zuen ikuspenik... Eta, gainera, Haleyk bizkar-zaku arina zeraman. Hots, bibakerako tresneriarik ez zuen. Mendiaren atzaparrean ez erortzeko, denbora guztia mugitzen igaro zuen. Muturreko jaitsiera horren inguruan protagonistak honakoa azaldu du: «Kahiltnako kanpalekura heltzeko 48 ordu behar izan nituen. Muturreko esperientzia batzuk bizi izan ditut, baina Sultanako jaitsiera hori gogorrenetarikoa izan da. Oso luzea, beldurgarria, gogaikarria, ekaitzak harrapatuta... Guztira, hiru egun egin nituen lo egin gabe. Bestalde, aipatu behar dut 30 elur-olde eragin nituela, baina, dudarik gabe, arazo handiena bidea aurkitzea izan zen. Ez nuen ezer ikusten. Leku jakin batean sei ordu eman nituen mugitu gabe; ez nekien nondik joan». Muturreko abentura horretan lehertuta bukatu zuela esan du Haleyk: «Une batzuetan arrastaka nindoan. Baina, zorionez, 84 orduko jarduera baten ostean, kanpalekura onik iritsi nintzen. Oro har, esan dezaket ‘Infinite Spur’-en arrakasta izan nuela, batez ere azkar igo nuelako. Horrekin harro nago, baina jaitsierarekin ez. Oro har, onartzen dut amaierako emaitzak ez duela merezi izan. Oso-oso arriskutsua izan zen, eta aurretik egin nuen igoera bikaina alde guztietatik ilundu zuen. Pena handia hartu dut». SOKADAN Aurretik Rob Smith kidearekin marra bera 18 ordu eta 20 minutuan eskalatu zuen. 24 ordutik beherako lehen igoera izan da. JAITSIERA Igoera arazorik gabe egin bazuen ere, jaitsieran ekaitz batek bete-betean harrapatu zuen. Alpinistak dio muturreko esperientzia bizi izan zuela. COLIN HALEY Estatubatuarrak Sultana mendiaren hego aurpegian dagoen «Infinite Spur» bide mitikoa bakarka igo zuen. Horretarako, 12 ordu eta 29 minutu baino ez zituen behar izan.