GARA Euskal Herriko egunkaria

Andoni Kafka


Gaur ez dut askorik idatziko, ez gogo faltagatik, espazioagatik baizik. Baina askotan ekarri ditut pentsalarien erranak, eta handi bat dakart berriro, ez baita lehen aldia Andoni Egaña aipatzen dudana. Bilboko “Kafkaren aulkia” emanaldian Pedro Alberdik jarri zion gaia: «Kafka zara eta Bilboko bulegora destinatu zaituzte; kontatu Pragako jendeari hemengo berri». Eta arte obra hau egin zuen zarauztarrak, dezima bat, hasi-buka buka-hasi; eta memoria txarrekook nahi bestetan irakurriko ditugula pentsatuta, horra betirako gozagarri: «Begiratu zer den Bilbo, hemen bulego leihoan, enegarrengo saioan, zirrara eta bertigo, begira dezadan berriro, batzuk sobran askok faltan, artxipelagoan plantan, ai hiri honen distira!, herri txiki asko dira, hiri bakarraren baitan, irri bakarraren baitan, herri txiki asko dira, gure Bilbori begira, bere osotasun plantan, batzuk sobran askok faltan, begiratu nahi dut berriro, zirrara eta bertigo, enegarrengo saioan, hor bulegoko leihoan, ikusi dezaket Bilbo». «Marijaia-Marijaia, Bilboko festen ikurra, emakume bat samurra, pragatarrei esan nahia, hau kontatzeko garaia, ez da adarjotze bat ez, besapeetan borondatez, emakume honek zer dauka?, zeinek bota zion laka, desodorantean partez?, desodorantean partez, zeinek bota zion laka?, emakume honek zer dauka, besapeetan borondatez?, ta ez da adar jotze bat ez, hain emakume alaia, deskribatzeko garaia, oso da andre samurra, bilbotar denen ikurra, Marijaia Marijaia».