SEP. 04 2016 ANTZERKIA Atsedenik ez musikarik gabe Jaime VALVERDE Putinen guardasola” Inazio Tolosaren eta Ramon Agirreren ildo bereko hirugarren antzezlana da. “Zentimorik gabe” eta “Koka kola eta barea” obren ondoren, berriz heldu diote musika eta umorea uztartzen dituen formatu txikiko proposamen bati. Planteamendu dramatikoa sinplea bezain eraginkorra da: musikari bikote xelebre batek bere bizipenak partekatzen ditu publikoarekin musikaz lagunduta. Oraingo honetan Ray-k eta Nik-ek enkargu berezia jaso dute: lehendakariak berak «euskaldun guztiak batuko dituen ereserkia» konposatzeko eskatu die. Erronkaren zailtasunaz jakitun, musikari handienen lanak aztertuko dituzte, eta aurreko obretan bezala, munduan zeharreko road movie baten kontaketa suposatuko du horrek. Beste kultura batzuk irudikatzean klixe zenbait ateratzen badira ere (Burundirako bidaian, esaterako, txisteren bat berrikusi beharko litzateke, ene ustez) asmo onekoa da beti tonua. Azkarra, bizia eta barregarria, erabat zintzoa dugu antzezlana: publikoak ondotxo daki zer eskainiko zaion, eta bi artista hauek ezin hobeak dira hori emateko.