OCT. 02 2016 ZORROZTARRIA Aulki arteko egunak Julen MURGOITIO Passion for Knowledge nago egunotan nonahi entzuten. Ezagutzeko grina, finean. Zer gertatuko gertuko hemen, zer urruneko han. Ez, ez nago klima aldaketaz. Klimax politikoaz nago, funtsean, politikaren euskal unibertsoan aldaketarako izan daitezkeen aukerez; eraldaketarako aukerak beste kontu bat da, emaitzak emaitza. Hauteskunde kanpaina ofizialetan botoak dira helburu, tamainak ez du ardura arrantza horretan, deskarterik batere ez, den-dena portura, edo oasira! Ama, ama! Zenbat ispilatze sortzen duen bero transgenikoak balizko oasietan! Tira, hauteskunde gauetik aurrera eserlekuak dira helburu, morroi baten legeak botoak di-da eserleku bihurtuta, dezimalak eta guzti. Adio boto-emaileak, ongi etorri aulkiak. Koplariak bota zuenez, horrela jarri zuen Jaunaren legeak… lege zaharrak! Amen. Eta kolpea gero! eserleku batek zelan lorrindu dezakeen batzuen lasaitasuna. Gaurko ikuspegitik ez nau harritzen orain asko lehendakari batek hemen den multinazional batean aulki bat jendaurrean eskuz muntatzen ikasi izanak. Hamaika ikusteko gara, gero! Zer ondo zetorkiekeen aulki hura orain. Total, aste honen hasieran aritmetikak zuen garrantzia geometriak hartu berri du astearen amaieran; geometria aldakorra. Norabideak emango du geometriaren neurria, batzuk tangentetik ateratzen saiatu arren. Ikusi beharko bakoitzaren grabitate-zentroa non den. Grabitate-zentzua da kontua! Bitartean “Rosetta” zundak beheko Estatuaren azken irudiak bidali ditu, itzali aurretik (zundaz nago). Hango socialisten politika zaharraren eta politika oso zaharraren arteko talka da horietan ikusgai, are gehiago entzungai, batak eta besteak jatorrizko orbita aspaldian utzita. Ikusteko dago talka hautsa egun batean bilakatuko ote den sozialistagai… Passion for Knowledge, bai horixe.