GARA Euskal Herriko egunkaria
BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA

EZUSTE EDERRA, ONGI MEREZIA, IZAN DA UGARTETXEARENTZAT FINALEKO AULKIA

NAHIZ ETA BEñAT UGARTETXEA IRABAZLEA HARRITU, EZ DA HARRITZEKOA FINALISTEN ARTEAN EGOTEA. MIRIBILLAKO ATEAK IREKITA DITUZTE ENBEITAK ETA GALLATEBEITIAK ERE, BAINA LARRABETZUKO SAIOARI ITXARON BEHAR.


Beñat Ugartetxea gailendu zen atzo Basauriko finalaurrekoan. Ia 400 lagun bildu ziren Artunduaga kiroldegian, eta bero hasi zen saioan giroa pixka bat hozten joan bazen ere, goitik beherakoak izan ziren bertsoaldiak, hamarreko handiko ariketatik hasi eta kartzelan goia jo arte.

Bere «onena eta gehiago» ematera etorri zen mallabitarra etxera gustura bueltatzeko moduan zen. Hurbiletik segitu zioten Onintza Enbeitak eta Xabat Galletebeitiak ere, finalerako txartela segurtatua ez dutenez nerbio gehiago pasatu beharko badituzte ere.

Laugarrenak, Imanol Uriak, agur erran zion Miribillari, entrenatu duten lagunekin zorretan dagoela abestuz. Bosgarren eta seigarren egin zuten Joseba Artzak eta Aitor Bizkarrak.

Honakoa izan zuten kartzelako gaia: «Azkenean zeure izena esan dabe. Barrura sartu zara». Hona irabazlearen bigarren bertsoa: «Iban Mayo naiz izen-deituraz txirrindulari izana/ txirrinduzale asko ta askori hamaika plazer emana/ larrosa baten modukoa da aldiz nere iragana/ petaloak dira fama ta arantzak epo drama/ baina gaur ere garbi esango dut nik ezer ez nekiana/ nik nere lana egiten nuen medikuek euren lana».

Enbeitak Valentzia aldera jo zuen. Hona lehen bertsoa: «Gehiengo absolutuko nire hiru alkatetzak/ nire perlazko koilarrak eta silloiaren ertzak/ amesgaizto bihurtuta lehengo nire ametsak/ epaiketara deitua honek bai ordu nekezak/ lehen dena parkatuta orain hartu ei dauz presak/ ezin ur gehiago hartu guk usteldu gendun presak/ baina igual galdeketak izango dira errezak/ nire beste datu dakiz nire aurreko juezak».

Galletebeitiaren kartzela ere, ederra. «Azken analisiek zer diotenaren zain nago/ minetik ala bizitik izango dudan gehiago», bukatu zuen bigarrena. Eta hirugarrena: «Agurtu ditut atzetik pasa diren bi erizain/ medikuak bapatean lasai dena dago bikain/ dirudi propio etorri naizela hain ondo ta apain/ azkenean minbiziak ez du egin ta nire gain/ ez dut egon beharko inoiz ospitale honetan zain/ heriotza ezagutu dut gertu amaitzeko lain/ eta bizitzea zer den ezagutu nahi dut orain».

Bertsoaldi umoretsuak

Zortziko Txikian une irrigarriak izan ziren. Polito ibili ziren Bizkarra eta Uria biloba eta aitonaren paperean, antzerki obra batean aktore. Enbeita eta Artza ere bai. Muxikako informatikariak hala bota zion ordenagailuarekin arazoren bat zuenero deitzen zion lagunari: «Soluzio bat emon behar deutzut betiko/ Control Alt ta Suprimir sakatu ta listo».

Galletebeitia udaltzaina zen. Ugartetxea herritarrak deitu zion. Erran zion zaborra botatzera joan eta nahi gabe etxeko giltzak erori zitzaizkiola kontenedorera. Gogor ekin zion lekeitiarrak: «Zer hartu duzu gabaz ein al duzu zurrut/ noizbehinka hartzen ditut dei arraro batzuk/ kontenedorea hartu zazu etxetzat zuk/ baina alokairua kobratuko dizut». Mallabitarra ez zen kikildu: «Barkatu txiste horrek enau utzi jota/ arren eidazu kasu nahiz ta ni gorrota/ erori egin zaizkit nik ez ditut bota/ sartu al zaitezke zu pijaman nago-ta».