GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren zientziak


Gizarte zientzietan metodo enpirikoak oinarri hartuta, soziologoek inkestetatik ateratako datuekin esango digute nora doan gizartea. Iritzi-azterketak eta inkestak jende multzo espezifiko bati egiten zaizkio. Soziologoek lagin horretan oinarrituta estrapolazioa egingo dute iragarpen zientifiko modura ikerketari balio zientifikoa emateko.

Baina desbiderapenak ere izaten ditu emaitzak. Ikerketen emaitzek askotan sartu dute hanka sakoneraino. Nahiz eta inkestak edota iritzi-azterketak egin jakiteko zein abestik izango duen arrakasta, zaila da jakitea. Inkestarik erraldoienak (jendearen %100) ematen du erantzun zehatzena. Ba al da gezurrik gabeko bizitzarik? Nork esan dezake inkesta edo iritzi-azterketa batean egia esan duela elkarrizketatuak?

Hauteskundeetan, erroldatuak dauden pertsonen botoak eta abstentzioaren datuak banaka kontatzen direnez, ezin da gezurrik atera ez balego botoen iruzur antolatua. Inkestetan, aldiz, gezurrak esan daitezke eta metodo enpirikoa hankaz gora jarri.

Gerediagari eman dizkioten inkesta baten emaitza batzuk harrigarriak dira. Durangora doazen %90 euskal hiztunak badira zergatik saltzen dira horrenbeste gaztelaniaz idatzitako liburuak? Ehun mila bisitari badoaz eta, batez beste, bakoitzak 65 euroko gastua egiten duela badio, 6,5 milioi gastatuko lirateke standetan. Egia al da? Inkestak hori dio.