GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Iraganeko errentak


Ernaiko kideei irakurri nien GARAn duela hilabete pasa eskaini zuten elkarrizketan. Heldutasun handia erakusten zuten hainbat kontu azpimarragarri irakurri nituen. Esanguratsuena, nire ustez, hau: azken urteetan ezker abertzaleko gazteria iraganeko errentetatik bizi izan dela. Finean, etorkizun oparoa eraiki nahi bada, egungo gazteriaren nahi, joera eta ohituren irakurketa egokia egin behar da, erreala. Ez desiretan oinarritua. Eta horiek guztiak artikulatzeko –hori baita zeregina, gazteen gehiengoa independentismoan artikulatzea– iraganeko errentak baztertu eta epika berri bat asmatu beharko da. Inpultsu berri bat, konfiantza berri bat.

Ziklo zahar bat ixten ari da gure herrian eta berri bat ireki nahian ari gara. Eta bitarte batzuetan eterno horretan iraganeko errentetatik bizitzeko tentazioak ugari dira. Errazena hori baita. Besteak, berrasmatzeak, lan handia eskatzen du. Hausnarketa asko, bide berriak probatzea eta huts egitea. Ziurgabetasuna, esperimentazioa, totemak eta mitoak alboratzea, konfort egoeratik ateratzea.

Iraganeko errentetatik bizi nahiak ez die ezker abertzaleko sektore batzuei soilik eragiten. Joera orokorra da krisi eta aldaketa garaiotan. Horretan ari da EAJ ere. Gernikako Estatutuak eta 1978ko erregimenaren beroak errenta handiak eman dizkio iraganean. Noski, beste batzuek zuhaitza astindu eta berak fruituak jasota. Orain, beste batzuk ari dira zuhaitza astintzen –Kataluniako kideak– eta han doa EAJ, PSE eskuan duela, berriz ere Madril aldera baldearekin fruituak jasotzeko asmoz.

Iraganeko errentak agortu egiten dira, ordea. Edo errentagarri izateari uzten diote sinpleki. Eta nago azken 40 urteek eman dituztenen errentak ez direla jada errentagarri ez batzuentzat ez besteentzat. Asmatzeko garaiak dira, bideak urratzekoak. Gure herriak jauzi berri baten beharra dauka maila politikoan. Autonomismoak eta erregionalismoak berriz ere zuhaitz iharraren azpian lotu nahi gaitu. Egoerak eskatzen duen mailan ez egotea garesti ordainduko dugu etorkizunean.

Azken finean, iraganeko errentatik bizi nahi izatea, bizi dugun mediokridade garai hauen sintoma baizik ez da. Euskal Herriak eta bertako herritarrok badugu hori baino gaitasun handiagorik maila guztietan eta merezi dugu hainbeste. Hori guztia aktibatzen asmatu beharko dugu. Eta horrek bai eskatzen dituela anbizioa, konfort eremutik ateratzeko prestasuna edo abilezia, segurtasunez arriskatzeko gogoa eta epika.