JAN. 14 2017 Hotza, euria, haizea, elurra... denetik iragarri dute Hotza, haizea, euria, txingorra, olatu handiak... denetik iragarri dute datozen egunetarako. Kax-kax hasi zen ate joka, eta barreneraino sartu zaigu orain negua, elur maluta eta guzti. Gelditzeko etorri dela dirudi. GARA DONOSTIA Goizean leiho ertzera hurbiltzean elurrak agurtu zituen atzo hainbat herritar, adibidez Erroeta (Onraita) Euskal Herriko herririk altuenean, Arabako Mendialdean. 956 metrora dagoen herri txiki honetan ez zuten erraza izan mugitzea, Agurainera bidean zeharkatu behar duten Opakua mendatea txuri-txuri baitzegoen. Ibilgailu artikulatuentzat itxita egon zen, kamioiak kateekin soilik pasa zitezkeen eta auto gidariek tentuz gidatu behar izan zuten. Beste paraje ugari ere elurtu ziren, Aurizberri eta Orreaga kasu. Nafarroako Gobernuak zuhurtziaz jokatzeko eskatu zuen, batez ere Pirinioetan eta erdialdean, Aemet-ek alerta laranja ezarri zuen lekuetan. Ahal izanez gero ez mugitzeko eta, beste erremediorik ez bazen, errepideen egoera kontsultatzeko gomendatu zuen. Arabako Aldundiak bertan behera utzi zituen asteburuko eskolako kirol jarduerak, eta Bizkaikoak tentuz mugitzeko eskatu zuen. Bitartean, Andoainen hazita zetorren Oria ibaiari begira-begira egon ziren. Udalak abisua bidali zien herritarrei ura atera ohi den lekuetan neurriak hartzeko, bai baserrietan (Goiburu, Sorabilla eta Buruntza) bai herriko behealdean, Kale Nagusian eta Zumean, besteak beste. Komertzio, enpresa eta garajeetan protokoloari segitzeko eskatu zuten. Haize zakarra izan zen atzo beste elementu aipagarri bat eta argazki adierazgarri bat izan zen Donostian Cervantes plazan oraindik erretiratu gabe zegoen Gabonetako bola erraldoia Kontxako pasealekuan barna bueltaka ikustea. Datozen egunetarako ere emanak daude abisuak: olatu handiak, euria, baita, asteartetik aitzinera, -10 graduko hotza ere.