JAN. 17 2017 Jon Alonsori eman diote Tene Mujika Saria, «Naparra»-ren gaineko proiektua osatzeko GARA IRUÑEA Genero beltzean aski ezaguna den Jon Alonso idazle iruindarrak irabazi du aurtengo Tene Mujika Saria, Jose Migel Etxeberria Naparraren kasua aztertzeko egitasmo batekin. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten bekak honek. Arduradunek jakinarazi dutenaren arabera, aurten aurkeztutako proiektuen artean Alonsorena eman du irabazletzat Alberto Barandiaranek, Idurre Eskisabelek eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak eta, orain hasita, kazetari eta idazleak urtebeteko epea izango du ikerketa lana burutzeko, gero liburu formatuan argitara eman dadin. Esku artean duen proiektuaren aurkezpenean Alonsok berak azaldu du gaur egun «errelatoaren borroka» dugula gainean eta hori «saihesterik ez» dagoela nabarmendu du. Gerora liburu formatua hartuko duen ikerketa lanarekin dituen asmoen berri ere eman du egile nafarrak: bera parte den belaunaldiak euskal gatazka deiturikoaren gorabeherak nola bizi izan dituen kontatzea du helburu Alonsok, «zintzoki eta autokritikari ihes egin gabe», eta horretarako Jose Migel Etxeberria Naparra desagertuaren kasua izango du kontaketaren ardatza. Merezi duen garrantzia Alonsok gogora ekarri du bera eta Naparra ikaskideak izan zirela Iruñeko jesuiten ikastetxean. Gerora euren bideak bereizi ziren eta, Naparra desagertua zela aditu zuenean, gertaerari merezi adinako garrantzirik ez ziola eman aitortu du Alonsok. Gauzak hala, familiaren laguntzarekin eta inplikazioarekin batera orain Migel Etxeberria Alvarezen historia berrekin nahi duela ziurtatu du Alonsok, «eta ahal bada, ikerbidean den gorpuaren aurkikuntza ere kontatu». Jon Alonso Fourcade Iruñean jaio zen 1958. urtean. “Korrok” aldizkariaren sortzaileetakoa izan zen 1980ko hamarkadan. Kimikan lizentziaduna da eta itzultzailea ogibidez. Saramago eta Cortazar euskaratu ditu, eta liburu ugari argitaratu, bai nobelak, bai saiakerak.