APR. 06 2017 «Boiling Point», xenofobiak itotako Europaren erretratua «Ez dut uste arrazakeria berria denik; Europako historia errepasatu besterik ez dago beti hor egon dela ikusteko», dio Elina Hirvoven finlandiarrak. «Boiling Point» dokumentalean, errefuxiatuen etorreraren aurrean bitan zatitutako Finlandia erakutsi du. Last update: APR. 06 2017 - 06:41h Amalur ARTOLA DONOSTIA Zinemagilea eta idazlea izateaz gainera, giza eskubideen aldeko aktibista ezaguna da Elina Hirvoven Finlandian. Besteren artean, Ruanda, Kanbodia edota Zambiako mugimendu migratorioen gaineko dokumentalak egin ditu eta, gaur Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian emango den “Boiling Point” dokumentalean, bere herrialdera iristen ari diren errefuxiatuen aurrean gizarteak hartu dituen jarrera ezberdinak erakutsi nahi izan ditu. Hirvovenek collage gisa egituratu duen lan honetan, babes bila Findaliara jo duen sendi baten bizipenak, etorkinen aurka ekiten duen Odinen Gerlariak talde xenofoboko militanteen aurreiritziak, giza eskubideen aktibistek aurrera daramatzaten ekintzak eta sauna batean euren iritzi kontrajarriez eztabaidatzen duten bi hiritar finlandiarren arteko elkarrizketak biltzen ditu, ikusleari bitan banatuta dagoen Finlandiaren irudia helarazteko. «Orain dela urtebete, Finlandian aldaketa handia gertatu zela konturatu nintzen. Batetik, xenofobia dago. Bestetik, zenbait hiritarrek politikariek agindutakoa bete ez eta baztertu egin dituztela sumatzen dute, marjinalitatean bizitzera eraman dituztela», azaldu zuen zinegileak. Egungo egoerak 90eko hamarkadan herrialde eskandinaviarrera somaliarrak iristen hasi zireneko garaiak ekarri zizkion gogora egileari: «Orduan nerabe punk-a nintzen, eta anaia skinheada nuen; asko hitz egiten genuen egoeraz», esan zuen, baina politikariekiko gizarteak duen akiduraren eta konfiantza faltaren ondorioz etorkinekiko jarrera egun gogorragoa dela uste du. «Ez dut uste arrazakeria berria denik; Europako historia errepasatu besterik ez dago beti hor egon dela ikusteko. Ikerketa baten arabera, herritarren %50 musulmanei sarrera debekatzearen alde agertu da. Europa bere buruari begira bizi da», esan zuen, eta bide horretan nazioarteko komunitateak errefuxiatuei huts egin diela ere baieztatu zuen. «Jendea kalera atera da giza eskubideak aldarrikatzera, baina nazioarteko komunitateak baztertu egin ditu siriarrak, ez da erreakzionatzeko gauza izan. Badut sentipena nondik hasi ere ez dakitela, egia esan egoera ez da oso baikorra». Errealitate horren aurrean, dokumentalaren bidez elkarrizketaren aldeko apustua plazaratu nahi izan du zinegile finlandiarrak, «hitza isiltzen denean hasten baita biolentzia». Hirvovenen iritziz, ezberdinen arteko eztabaidaren ondotik etorriko dira egoera iraultzen hasteko oinarrizko akordioak. Ideia hori indartzeko, dokumentaleko protagonisten aukeraketan arreta berezia jarri duela aitortu zuen. «Denak, ikusleek bezala pentsatzen ez dutenak barne, euren gustukoak izateko moduan aukeratu nituen. Oula eta Tapio saunan biluzik eseri eta oso bestelako iritziak izan arren eztabaidatzen ikusteak finlandiarrei mesede handia egiten diela uste dut», azaldu zuen. Programazioa “Boiling Point/Kiehumispiste” gaur emango dute finlandieraz, gaztelania eta ingelesezko azpitituluekin, 19.00etan Victoria Eugenia antzokian. Emanaldian, Kris Borghs belgikarraren “No Offense” laburra ere ikusi ahalko da. Aurretik, 16.30ean, Santiago Zannouren “Vernon Walks” film laburra eta Otto Bellen “La cazadora del águila” lan luzea emango dituzte. Gauean, aldiz, Adan Aliaga eta Alex Loraren “The Fourth Kingdom” laburra eta Pablo Pinedo Bovedaren “Noma” ikusi ahalko dira, 22.30ean Donostiako antzokian. Bihar, 2017ko Giza Eskubideen Saria jasoko duen Deepa Mehtaren “Anatomy of Violence” filmak (16.30) eta lehiaketatik kanpo emango den Kristina Grozeva eta Petar Valchanoven “Glory” lanak (20.00) emango diote amaiera Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiari. HITZIK GABE «Hitza isiltzen denean hasten da biolentzia, hitz egiteari uzten zaionean», ziurtatu zuen Hirvovenek, eta «Boiling Point» dokumentalean ezberdinen artean adostasunak bilatzeko hitz egitearen beharra azpimarratu nahi izan duela esan zuen.