APR. 22 2017 Jundajo txarangaren txupinazoarekin hasi dira Lazkaoko San Prudentzio jaiak Festa guztien pizgarri izaten dira txarangak. Hala da Lazkaoko Jundajo ere, duela hamar urte sortu zenetik. Bere alaitasuna eskertu dio herriak suziria botatzeko ohorea emanez. GARA LAZKAO Hamargarren urtebetetzea ospatzen ari den Jundajo txarangak piztu zuen atzo Lazkaoko San Prudentzio festei hasiera eman zien suziria, eta pregoia ere irakurri zuen udaletxeko balkoitik. 11 lagunek osatutako talde alaiak makina bat ospakizunetan lan egin du instrumentuekin irria eta dantzarako gogoa transmitituz. Aurten ere, txupinazoko protagonista izanagatik, ez dute jai hartu. Ez dira gelditu ere egingo parrandak iraungo duen hamar egunetan. Ez dira bakarrak izango. Ondoan izan zituzten atzo Gasteizko erraldoien konpartsa eta Lazkaoko buruhandiak, bazter guztiak aztoratzen. Egitarau oparoa antolatu du Udalak herriko elkarteekin eskuz esku. Ekintza gehienak herrigunean izango dira, maiatzaren 1era arte. Ondotik, maiatzaren 6ko asteburuan, Lazkaomendira igaroko da jaia. Festa egunak denentzat gustagarriak izan daitezen, ondokoarenganako errespetua eskatu du Udalak, eta hiru mezu eman dizkie herritarrei. Lehenik eta behin, jakin dezatela ez dela eraso sexistarik onartzen, ez Lazkaon ez inon, ez jaietan ez inoiz. Gerta daitezkeen erasoen aurrean nola jokatu jakiteko protokoloa osatu du Udalak. Gazteentzako kanpaina Bigarren mezua jan-edanean mugak ez gainditzea da. Horretarako kontzientziazio kanpaina bat egingo du, batez ere gazteei begira. Gehiegizko alkohol kontsumoak ekar ditzakeen ondorioei aurre hartzea da xedea, bereziki adin txikikoen artean. “Izan zeu, alkoholak ez zaitzala aldatu” lema zabalduko du. Azkenik, loa errespetatzeko eskatu dute. Herritar guztiek festez gozatzeko duten eskubidea bezain garrantzitsua baita egun horietan lo egin nahi eta behar dutenen eskubidea kontuan izatea. Kalean musika aparailuak jartzen dituztenei ordutegiak errespetatzeko eta gauerditik aurrera bolumena neurtzeko esan die. Tabernariei gauza bera. Udalak antolatutako ekitaldietan ere aintzat hartuko da hori. Herriaren erdigunea autoentzat itxita egongo dela-eta, Lazkaora sartu eta bertatik ateratzeko saihesbidea erabiltzeko eskatu du. Bestalde, Ertzaintzak jakinarazi du alkoholemia kontrolak ugarituko dituela, alkoholaren eraginez gerta daitezkeen istripuak ekiditeko. Bihar, larunbata, Mozorro Eguna izango da, eta eguerdiko desfilea alaitzen ibiliko da Jundajo txaranga. Arratsaldean haur berbena egingo dute Lazkao Txiki zelaian, eta gero, mozorro lehiaketa eta sari banaketa plazan. La Cuadrilla de la T.I.A.-k animatuko ditu ondotik kaleak eta bukatzeko La Regadera eta Drindotsen kontzertuak izango dira plazan. Txosnagunean –plaza ondoko aparkalekuan kokatutako karpan– ere hamaika ekintza izango dira. Besteak beste, Hatortxu Rock jaialdiaren aurkezpena igandean. En Tol Sarmiento taldeak joko du. Larunbatean, aldiz, Tooth gernikarra, Sharon Stoner oñatiarra, eta Fumut lazkaotarra ariko dira. Asteburua biribiltzeko beste gozagarri bat igande arratsaldeko 31. Haurren Danborrada izango da. Goizean, jubilatuek ibilaldi neurtua egingo dute. Gero, atsedena... baina hilaren 27 ostegunera arte bakarrik. UDALAREN MEZUAKHiru mezu helarazi nahi dizkie Udalak herritarrei: ez da eraso sexistarik onartzen; jan-edanak ez ditu mugak gainditu behar; eta parrandan dabiltzanek besteen loa errespetatu behar dute.