JUN. 05 2017 Urrezko aizkora Aitzol Atutxak eta Irune Izkuek aurreikuspen guztiak bete dituzte Aizkolari bizkaitarrak eutsi egin dio txapelari, nahiz eta iraupen proban Iker Vicentek asko estutu zuen.Nesketan, kirolari nafarrak irabazi zuen aurreneko aldiz jokatu zen lehiaketa, aparteko eragozpenik gabe. Jon LEUNDA Aitzol Atutxa, gizonezkoetan, eta Irune Izkue, emakumezkoetan; horiek atzo Azpeitian jokatu zen Urrezko Aizkorako txapeldunak. Gainera, mutilen 23 urtez azpikoa Etxeberria II.ak irabazi zuen, eta 19 urtez azpikoena, berriz, Zelai III.ak. Mutilen maila nagusian Aitzol Atutxak lortu zuen txapela, baina bizkaitarrak kostata lortu zuen garaipena, azkenean 19 segundoko aldea baino ez baitzion atera Iker Vicenteri. Hala ere, hasierarik onena Jon Rekondok izan zuen, berak irabazi baitzituen aurreneko bi probak. 45 ontzakoa erlojuz kontra moztea izan zen aurrena egin beharrekoa, eta Leitzakoak 45 segundo behar izan zituen bereak egiteko. Hiru segundo kendu zizkion Atutxari, eta seina Mugertza II.ari eta Vicenteri. Bigarrengoan, zutikako kana-erdikoa ebaki behar izan zuten, eta hor ere Rekondo izan zen onena. Bere lana 2 minutu eta 12 segundoan burutu zuen, eta hiru segundo atera zizkion Vicenteri, hamaika Atutxari eta 25 segundo Mugertzari. Hirugarren saioan, bakoitzak oinbiko enborra moztu behar zuen, eta hor Atutxa izan zen azkarrena, bere egitekoak 3 minutu eta 55 segundoan amaituta. 35 segundo atera zizkion Vicenteri, minutu bat Rekondori, eta minutu eta 3 segundo Mugertzari. Horren ostean txapelduna lehen postuan jarri zen. Laugarren ekinaldian, bakoitzak zutikako 45 ontzakoa eta etzaniko kana-erdikoa ebaki behar izan zituen. Atutxa izan zen azkarrena. Bizkaitarrak 3 minutu eta 3 segundoan amaitu zuen lana. Zazpi segundora sailkatu zen Vicente, 43 segundora Rekondo eta 44 segundora Mugertza. Azkeneko proban, bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituen. Horretan Vicente izan zen onena. 16 minutu eta 15 segundoan burutu zuen lana. 16 minutu eta 33 segundo behar izan zituen Vicentek, 18 minutu eta 30 segundo Mugertzak, eta 19 minutu eta 12 segundo Rekondok. Lan guztiak egiteko, Atutxak 26 minutu eta 42 segundo behar izan zituen. Bigarren Vicente sailkatu zen, eta berak 27 minutu eta segundo bat behar izan zituen. Hirugarren sailkatu zen Mugertza II.a, eta mutrikuarrak 30 minutu eta 43 segundoan burutu zituen lanak. Rekondo geratu zen azken, eta bereak egiteko, 30 minutu eta 50 segundo behar izan zituen. Nesketan, Izkue jokatutako hiru probetan atera zen garaile. Nafarrak itxura bikaina eman zuen eta ez zion Nerea Sorondori inongo aukerarik eman. Abiadura proban 31 segundoko aldea atera zion, eta amaierarako alde hori asko handitu zuen. Lan guztiak burutzeko 10 minutu eta 31 segundo behar izan zituen Irune Izkuek, eta 12 minutu eta 50 segundo, berriz, Nerea Sorondok. Mutiletan beste bi final ere jokatu ziren, eta ez zen ezuste handirik izan. 23 urtez azpikoetan Etxeberria II.a atera zen garaile Kañamares IV.a mendean hartuta. Lehen proba galdu zuen, baina gainerako guztietan irabazle atera zen. Etxeberriak lan guztiak 15 minutu eta 38 segundoan amaitu zituen, eta 17 minutu eta 36 segundoan, berriz, Oier Kañamaresek. Azkenik, 19 urtez azpikoetan Zelai III.a izan zen onena; berak ere jokatutako proba guztiak irabazi zituen. Lan guztiak egiteko 11 minutu eta 38 segundo behar izan zituen. Kañamares V.ak, berriz, 12 minutu eta 4 segundoan egin zituen bere eginbehar guztiak. Harri-jasotzea Azkeneko finala harri-jasotzekoa izan zen, Pastorkuaren Oroimenezkoa jokatu baitzen, eta hor Mikel Lopetegik lortu zuen txapela Izeta II.a mendean hartuta. Maisuaren eta ikaslearen arteko dema izan zen, eta ikasleak lortu zuen txapela. 20 urteko zarauztar honek garbi utzi zuen harri txikiekin nolako maila duen. Bestetik, notizia Izeta II.ak eman zuen. Berak saioan zehar esan zuen atzokoa izango zela bere azkeneko txapelketa, eta urtea amaitu aurretik egin nahi duen marka ahaleginarekin emango diola bere kirol ibilbideari amaiera. Bakoitzak hiru harri izan zituen lanerako, eta bi minutu horietako bakoitzarekin jarduteko. 125eko harri errektangularra jaso behar izan zuten aurrenik. Horri Lopetegik 25 jasoaldi eman zizkion, eta baten aldea atera zion Izetari. Gero, 113ko kubikoa izan zuten kirolariek aurrean, eta berdinean geratu ziren, 18na jasoaldi eman baitzizkioten. Dena bukatzeko 100eko bola geratzen zen, eta Izetak irabazi ahal izateko bi jasoaldiko aldea atera beharra zeukan, baina ez zuen lortu, Lopetegik berak atera baitzizkion bi jasoaldi. Zarauztarrak 22 aldiz berdindu zuen harria bizkarrean eta bi jasoaldi gutxiago lortu zituen Izetak. Denera, 65 jasoaldi lortu zituen Mikel Lopetegik, eta 62, Izeta II.ak. Zalantzarik gabe, atzo jokatu ziren finaletatik politenetakoa izan zen saio hau. GAZTEAK Mutiletan, gazteen mailako beste bi final ere jokatu ziren. 23 urtez azpikoetan Etxeberria II.ak lortu zuen txapela, eta 19 urte baino gutxiagokoetan, berriz, Zelai III.ak. HARRI-JASOTZEA Pastorkuaren Oroimenezko finala izan zen politenetakoa, eta bertan Lopetegik mendean hartu zuen Izeta II.a. Hiru jasoaldiren aldea egon zen amaieran.