JUL. 11 2017 TOURREAN ATSEDENIK GABE «Serenità, consapevolezza e determinazione» Markel Irizar Trek taldeko txirrindularia 2009. urtean eman genion hasiera gure zutabegile lan honi, eta aurten bakarka eta atseden egunetan soilik izango den arren, aurtengo nire gogoetak idazteari ekin diot Bergerac-etik. Jadanik bederatzi etapa pasatu ostean, atseden egun hauek balantzeak egiteko erabili ohi izan ditugu txirrindulariok. Dusseldorf-en Tour honi hasiera eman aurretik esan genuen, gure asmoa sailkapen orokorrean Alberto ahalik eta gorenen sartzea zela. Bagenekien denok irabaztea zaila zela, baita podiuma garesti egongo zela ere, baina konfiantzaz eta gogo betez ekin genion erronka honi. Baina zoritxarrez, Tour honetako etapa erreginak, beste faborito nagusi askori bezala, knock out batez, era gordinenean, eta bi eroriko direla medio, gure ametsak lapurtu zizkigun. Bigarren asteari ekin aurretik garaipenean pentsatzea utopikoa den arren, oraindik ere gauza asko daude jokoan, eta Pariseko helmuga gurutzatu arte, ez du etenik izango gure saiakerak. Argi dago taktikak, rolak eta helburuak birplanteatu beharko ditugula, baina oraindik ere borrokatzen jarraitzeko morala geratzen zaigu. Gogo, jarrera eta izaeraren harira, inoiz baino hobeto etortzen zaigu gelakide dudan Fabio Fellinek besoan duen tatuajeak dion leloa. Serenita, lasaitasuna eta norberarenganako bakea, consapevolezza, norbera zer egiteko gai den jakitea eta noraino iritsi ahal den konturatzea eta azkenik, determinazione, izaera, kasta, arraza, grina.... abilezia eta talentuaz harago doan indarra. Hor barrutik irteten dena, bihotzak buruak baino gehiago lan egin eta gure muga fisikoak baldintza normaletan baino urrunago eramatera laguntzen digun indarra. Ba «serenita»-z ondo gaudenez, gure consapevolezza zein den eta noraino irits gaitezkeen badakigunez, eta pastel potoloa galdu arren, sari ederrak lor daitezkeelako, determinazioneari egurra emango diogu. Aukera dagoen bitartean gauza politak egiteko esperantza beti dagoelako, inork ez zuelako esan erraza izango zenik, ezta behin eta berriz erori ondoren altxatzerik ez zegoenik. Gaitasun eta talentuak batu egiten dutelako, baina izaerak eta jarrerak dena biderkatzen dutelako, etsi gabe jarraituko dugu. Besterik gabe, datorren asteko atseden egunera arte utziko zaituztet, nire gelakideak dion bezala, a tutta ragazzi!! Tour honetako etapa erreginak, beste faborito nagusi askori bezala, eta bi eroriko direla medio, gure ametsak lapurtuzizkigun