JUL. 28 2017 aPERITIFa... «Bestazale tipiek ondo jan behar dutelako sortu da Miam IDOKI» . SABRINA LARZABAL Maite UBIRIA BEAUMONT BAIONA Sabrina Larzabal buru-belarri lanean atzeman ahal izan zuten, atzo, Haurren Egunaren karietara Miam IDOKI xokora hurbildu ziren familiek. Bere estreinako urtea izanik ilusio bereziarekin hartu du Domintxineko etxaldean ahate beltzak hazten dituen laborari gazteak Lapurdiko hiriburura etortzea adin tipiko bestazaleei «jaki onak» eskaintzera. Gurasoak Donibane Lohizunekoak ditu Sabrinak eta Urruñan bizi izandakoa da. 33 urte dituenez, abantzu Leon erregearen belaunaldikotzat har genezake. Irri luze batekin hartu du gure iruzkina, baina aitortu digunez, «haur nintzela urtero etortzen nintzen Baionako bestetara burasoekin, eta bistan da, oroimen oso politak ditut, horietako batzuk ezinbestean Leon erregearekin lotuak direla». Horrendako, «aurten lehen aldiz IDOKIko lagunekin etorririk, ziur lotura berria eginen dudala besta hauekin». Haurrendako menua Laborarien txokoak (Roland Barthes) arrakasta handia biltzen du Baionako bestetan. Kontzeptu erraza da. Bazkari azkarrarekin lotzen ditugun osagaiak –burger, pasta...– baliaturik kalitatezko menua eskaintzea, betiere prezio eskuragarrian. Etxe Ekoizleen Elkarteak (IDOKI), bere aldetik, ekarpen bat egin nahi izan du «besta ondo egiteko, ondo bazkaldu behar delako», Larzabalek azaldu duenez. Hartara, egun batez, beren bizkar gainean hartzen dute bestazaleei «ekoizpen onak» eskaintzeko ardura. «Gazta krema, entsalada, tomate, urdaiazpikoa...». Larzabalek etxeko burgerraren osagaiak aletzen ditu, xokoan «denon gustukoak» diren platerak daudela gaineratuz. Barazkiak, sandwichak, matahamiak, izozkiak, sagar jusak... Egunean zehar hemendik harat, delako entzierro txikian lasterka edo danborradan desfilatuz ibili ziren haurrek, baita beraiekin batera jaiaz gozatu zuten burasoek edo aitatxi-amatxiek ere, indarrak berreskuratzeko parada ukan zuten Poternera hurbilduta. Larzabalek oroitarazi duenez 3.500 piknik manatuz abiatu ziren 2014an eta 2015ean plater beroak gehitu zituzten. Formula arrakastatsua den seinale, atzo, IDOKIk biltzen dituen ehun ekoizleen erdiak Baionan ziren bazkariak emateko lanetan. On egin, denoi !