GARA Euskal Herriko egunkaria

Simply-ko langileek prekaritatea areagotu dela salatu dute


Bizkaiko Simplyko enpresa batzorde guztiek deituta (LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK), elkarretaratzea egin zuten atzo langileek Bilboko Gordoniz kaleko Simply saltokiaren aurrean, prekaritatea areagotu egin dela salatzeko.

«Azken urteotan» langile taldea murriztu egin dela adierazteaz gain, udan egoera «larritu» egin dela erantsi zuten, garbiketa zerbitzua barruko langileekin egiteko erabakiaren ondoren. Honek, kontratako 31 langile kaleratzea ekarri zuen.

«Langile hauen kaleratzeak eta urtebetetik hona kaleratze gehiagorekin mehatxatuz enpresa egiten ari den presioak, bere ustezko egoera ekonomiko txarra dela eta, ohiko langile taldetik 50 pertsona murriztea ekarri du», adierazi zuten.

Honek guztiak lan zamak areagotzea ekarri du eta ondorioak sumatzen dira «langileen osasunean eta bizitza pertsonalaren uztarketan».