NOV. 27 2017 Pailazogintzaren bertuteak gizarteari eskaintzera datoz Pailazogintzak gizaki askeagoak sortzen lagun dezakeela sinetsita daude Josu Zubia eta Itziar Arkauz. Horregatik sartu dira Potx eta Lotx-en larruan eta gizartearen onurarako izan daitezkeen balioak sustatzeko erabili nahi dute barrea. «Potx eta Lotx herriko festetan» dute lehen diskoa eta abenduaren 28an Oñatiko Gaztelekuan estreinatuko dute ikuskizuna. Amalur ARTOLA DONOSTIA Musikaren mundutik dator Josu Zubia. Antzerkiarenetik, aldiz, Itziar Arkauz. Oñatiarrak biak, Irazan antzerki taldean lotu ziren euren ibilbideak eta clown izatearen atzean pentsamolde oso bat dagoela sinetsita, proiektu berria abiatu dute: Potx eta Lotx. Zubiak jokatuko du Potxen rola. «Algaraz proiektua abiatu genuen, uste genuelako pailazogintzak asko eman diezaiokeela herriari. Clowna barrea eragitetik harago eraman nahi dugu, gizartean pailazogintza txertatuz, beronek dituen oinarrizko balioei helduz. Ahalbidetzen du norbera den modukoa agertzea besteen aurrean, askatasunez, askotan autoerreprimitu egiten garelako eta bada garaia horri buelta emateko», nabarmendu zuen. Eta, horretarako, lehen diskoa ere badakarte besazpian: Lanku Kultur Zerbitzuen laguntzaz argitaratu berri duten “Potx eta Lotx herriko festetan” hamabi kantuko diskoa. Durangoko Azokan salgai jarriko dute diskoa eta beraien aurreneko ikuskizuna abenduaren 28an emango dute Oñatin bertan. Proiektua bertsoaren munduari eskutik helduta sortu dute. Izan ere, kantuetako hitz gehienak Oñatiko Txinparta bertso eskolako kideen artean idatzi dituzte. «Ez dakit zenbat pertsonak hartuko genuen parte –azaldu zuen bertso eskolako kide Maider Arregik–. Zenbait gai eman zizkiguten, eta horiek garatuz osatu ditugu bertsoak». Potx izan da horiek musikatzearen ardura hartu duena eta hautatutako hamabi kantuak Mutrikun grabatu dituzte, Axular Arizmendiren AME estudioetan. «Giro oso onean gainera», nabarmendu zuen Lotxek. Diskoan, pailazoen bizileku den Auskalomendi aurkezten zaio entzuleari eta bertako pertsonaiak ere bai; Xabi Sound, osaba, Setan basozaina edo Rikardo anakardo tartean. Algaraz-en bidez tailerrak ere ematen dituzte ikastetxeetan, irakasleei, gurasoei... «Uste dugulako denok dugula zer ikasi pailazogintzatik», nabarmendu zuen Potxek.