JAN. 20 2018 Emakumezkoen Ohorezko Maila Bera Berak bide onari eutsi nahi dio Elxen kantxan GARA Azken jardunaldian Rocasa liderrarekiko tartea bi puntura murrizteak eman dion indarrarekin, Super Amara Bera Berak Elxi egingo dio bisita gaur, 18.00etatik aurrera. Etxeko taldea klasiko bat da jada Ohorezko Mailan, eta aurten finegi ez badabil ere, Carrus kantxa ospetsuan irabaztea beti da zaila. Sailkapenean hamargarren postuan daude Alacantekoak, zortzi punturekin. Gutxi dira, baina aurreko astean Porriñoren aurka lortutako garaipenak (25-27) zulotik ihes egiteko balio izan die eta argi erakusten du talde lehiakorra dutela, kantxa zailetan ere irabazteko gai dena. Porriñoko neurketan, esaterako, 19 gol sartu zituzten Laura Hernandez eta Ivet Musons-en artean. Bera Berako defentsak kontuz ibili beharko du, beraz, bi jokalari horiekin, eta baita Maria Flores antolatzailearekin eta Zhukova pibotearekin ere, erasoan dituzten beste bi jokalari arriskutsuenak. Donostiarrei dagokienez, Montse Puchek bi hutsune nabarmen ditu gaurkoan: belauneko arazoekin dabilen Ligia Costa pibote brasildarra, taldeak egindako azken fitxaketa, eta sorbalda erabat osatu gabe daukan Monica Ausas katalana. Deialdia ohiko 16 jokalariz osatzeko, Puchek Ane Encina gaztea eraman du Elxera. Hamabigarren jardunaldiko beste lau partida ere jokatuko dira gaur: Granollers/Valladolid (16.00), Valentzia/Villaverde (19.30), Rocasa/Santa Eularia (18.30) eta Malaga/Atletico Guardes (18.00). Zuazo, bihar Lasesarren Zuazok, aldiz, bihar jokatuko du Lasesarre kiroldegian Porriñoren aurka. Neurketa 12.00etan hasiko da eta ETB1ek zuzen-zuzenean eskainiko du.