GARA Euskal Herriko egunkaria

Ekintzak hitzen gainetik

Pasatu dira dagoeneko bederatzi urte Gasteizen Kafe Antzoki bat sortzeko egitasmoa proposatu zenetik. Euskara ardatz izango zuen azpiegitura kultural bat sortzea aho batez onartu zen Arabako hiriburuko Udalean. Proiektuak Kafe Antzokia eta Oihaneder Euskararen Etxea Eskoriatza-Eskibel jauregian kokatzea aurreikusten du. Ekintzak eskatzen dituzte orain.


Denboran asko luzatu den egitasmoa da Gasteizko Kafe Antzokiarena. Bederatzi urte betetzen dira urtarril honetan Gasteizko Udalean euskara ardatz izango zuen azpiegitura kultural bat sortzea aho batez erabaki zenetik. «Hiru legegintzaldi desberdin pasa ditu proiektu honek», ohartarazi du Lazarraga Kultur Elkarteko kide Iñaki Lazkanok.

Arabako hiriburuan euskal kulturaren beharrak asebeteko dituen azpiegiturak beharrezko ikusten dituzte eta, Kafe Antzokiaren egitasmoarekin batera, Oihaneder Euskararen Etxea da beste akuiluetako bat, oraindik garatzeke dagoen proiektua, gaur egun Montehermoso jauregian kokatua. «Euskal kulturaren erakusleiho eta euskaltzaleen topagune izango den kulturgune integrala osatzeke dago, alegia».

2016ko uztailean egungo Udal gobernuak bi proiektuak Eskoriatza-Eskibel jauregian batzea proposatu zuen. Lazarraga Kultur Elkarteak proposamena begi onez ikusi bazuen ere, bazen afera bat konpondu beharrekoa. Etxadi horretako Auzolana frontoia okupatuta dagoen eraikin autogestionatua da eta ez dute proiektu berriarekin bat egin nahi. Oihaneder Euskararen Etxea, beraz, jauregian bertan kokatuko litzateke, eta Gasteizko Kafe Antzokia, alboan dagoen ostatu zaharrean.

Orain arte Udaleko ordezkariekin izan dituzten bilera desberdinetan hiru arlori buruzko proposamen zehatzak egin dira: fundazio bat osatzea; espazioen gaineko azterketa, hau da, zenbat, nolakoak eta zertarako erabili nahi diren hausnartu da; eta finantzazioa eta ekonomia, oinarrizko aurrekontu bat aztertu eta diru-iturri ekarpen ezberdinen banaketa proposatu da.

Prozesu honen ondotik Lazarraga Kultur Elkarteak ondorio batzuk atera ditu. Batetik, udal talde guztiek babesten dutela proiektua; bestetik, egitasmoa hurrengo hilabeteetan zehaztu behar dela; izaera juridikoa eta finantzazioa lortu behar direla; eta, azkenik, Lazarragak aurkeztutako lan-dokumentuan proposatutakoak oinarri nahikoa direla lanean jarraitzeko.

Antza, ez luke arazorik behar proiektuarekin bete-betean sartzeko, eta Kultur Elkarteak konpromisoak hartzeko unea dela iritzi dio. Urte erabakigarria da haientzat abiatu berri dena. «2018a izan behar da Gasteizko hiritarrek nolako Kafe Antzokia izango duten jakin beharreko urtea. Denbora aurrera doa, baita legegintzaldia ere, eta [Gorka Urtaran] alkateak zein Udal gobernuak bere hitza betetzeko unea iritsi da», adierazi dute azken astean igorritako iritzi artikulu batean.

Lazarraga Kultur Elkarteak gogorarazi duenez, iazko uztailean egin zen Euskara Elkargunean Urtaranek berak lantaldearen lana amaitu ondoren proposamen zehatz bat egiteko konpromisoa hartu zuen. «Gasteizko Kafe Antzokiaren lanek behar dituzten indusketak hastearekin batera, mahai gainean egon beharko litzateke proposamen hori, eta 2018ko udako oporren aurretik proiektu sendo eta zehatz bat aurkeztu behar zaie Gasteizko herritarrei, hau da, Gasteizko Kafe Antzokia eta Oihaneder Euskararen Etxea bere baitan hartuko dituen egitasmoaren hezurdura osatua nolakoa izango den erakutsi behar zaie».

«Gasteizen euskara ardatz izango duen proiektu kulturala erabat beharrezkoa da bertako euskaldun eta euskaltzaleek beren hizkuntza funtzio guztiak betetzera zabal dezaten, komunitatea trinkotu eta erabilera hauspotu dadin», jarri dute azpimarran.