GARA Euskal Herriko egunkaria

Ezjakin


Euskal kulturaren 2017ko balantzea argitaratu berri du “Jakin” aldizkariak. Kolaboratzaile ezberdinek euren arloko artikulu bana eman dute. Musika, bertsolaritza, arte eszenikoak, zinema, literatura eta ilustrazioak aintzat hartuta, errepaso osatu eta zabala burutu da euskal kultura nondik nora ibili den ideia orokorra hartzeko. Interesgarria benetan. Sortzaile euskaldunek arlo ezberdinetan eskaintzen dizkiguten lanak ez dira makalak. Deigarria egiten zait, ordea, kontalaritzak bere lekua ez izatea halako balantze batean. Eta horrek aspaldiko gogoetara ekartzen nau, berriro. Zer dela eta kontalaritza ez da agertzen halako balantzeetan? Esan behar dut arazoa ez dagoela “Jakin” aldizkarian, kontalariengan baino. Haurrei zuzendutako kultur saioetan, kontaketak, beharbada nagusi izango dira, urtero milaka haurrengana helduz.

Euskal Herriko liburutegi gehienetan antolatzen dira kontaketa saioak, horiei gehitu behar zaizkie eskoletan eta bestelako espazioetan eta ekitaldietan  ematen direnak, beraz, ez dira gutxi. Helduentzat, maila apalagoan, baina urtean barrena izan badira. Kontalariak ere gero eta ugariagoak, haurrei kontatzen dietenak batez ere.

Hau horrela izanik, kontalariok geure buruari galdetu beharko genioke euskal kulturaren mugimenduetan dugun presentzia eskasaren gainean. Kontalaritzaren promozioa, ikuskarien estreinaldiak, helduei zuzendutako ikuskariak, proposamen berritzaileak, gogoetak, jaialdien sustatzea... bada non sakondu. Ezjakinetik jakinerako bidea egin dezagun.