JAN. 29 2018 BOULDER Fabian Buhlek, Bishop-en, hiru tsunamisinatu ditu Eskalatzaile alemanak eskalatu dituen bloke garaiak «Ambrosia» (8a), «Too BigTo Flail» (7c+) eta «Old Greg» (8a) dira. Astebetean eskalatu ditu, gainera. Andoni ARABAOLAZA Modu batera edo bestera, Fabian Buhl aurreko erreportajeko protagonista Dani Arnoldekin alderatu dezakegu. Buhl ere gaztea da. 27 urte ditu, baina alemana da. Aipatzen genuen suitzarrak alpinismoaren adar batzuk bikain menderatzen dituela. Kasu honetan aitortu behar dugu alemana eskaladaren hainbat arlotan espezialista handia dela. Bere hastapenak blokean kokatu ditzakegu eta, urteen poderioz, gai izan da “Dreamtime” (8c) bezalako korapilo bat askatzeko. Kirol eskaladan, berriz, 9a-ra (“Frontman Deluxe”) iritsi da. Tradean, 8b+ edo E9/10 graduko bi bide egin ditu; horietako bat “Printzip Hoffnung”. Hormatzarrean, bestalde, Alex Huber-en “Nirwana” (8c+, 6 luze) edo “Ganesha” (8c, 7 luze) eskalatu ditu. Azken marra horri dagokionez, esan behar dugu Buhlek berak zabaldu eta bakarka igo zuela. Aditzera eman dugunez, gazte alemana denetan ona da. Eta blokeko highball edo “tsunami”-etan ere erakutsi du ondo baino hobeto moldatzen dela; izan ere, Bishopera (AEB) egin berri duen bidaian sona handiko hiru bloke garai sinatu ditu: “Ambrosia” (8a), “Too Big To Flail” (7c+) eta “Old Greg” (8a). Hori gutxi balitz, hat-tick hori egiteko astebete soilik behar izan du: «Bishopera helburu jakin batekin joan nintzen. Hango bloke garai ezagunenak zein muturrekoenak probatu nahi nituen. Erronka handia zen, eta lortu nuen. Hala eta guztiz ere, ezusteko handia hartu dut, eskalatu ditudan hiru tsunami horiek astebetean patrikan sartzea ez baita ohikoa». Buruarentzat erronka Lerrootako protagonistak onartu du Bishopera sasoiko joan zela: «Blokeak egiteko baldintza egokiak badaude, horietan saiatzen jo eta ke jarduten dut. Azken bolada honetan, gainera, asko entrenatu naiz. Denboraldiko xedeen artean Bishop bisitatzea zegoen. Hango highball esanguratsuenak probatu nahi nituen. Jakin banekien nire burua sendo zegoela, eta, beraz, ero samar ote nengoen jakin nahi nuen». Gogoratu behar dugu tsunami horietan benetako protagonismoa blokearen garaierak duela, eta ez zailtasunak; izan ere, eroriko batek ondorio larriak izan ditzake. “Ambrosia”, adibidez 15 metro luze da, eta “Too Big To Flail” pixka bat altuagoa. Azken bloke honi dagokionez, aipatu behar dugu mugimendu gogorrenak goialdean dituela; mugimendu teknikoak eta oreka eskatzen dutenak helduleku oso-oso txikietan. Alex Honnold izan zen bloke hori lehena igotzen, eta, eroriko batetik babesteko, 34 koltxoneta erabili zituen. “Old Greg”, azkenik, txikiena da, baina oso arriskutsua. Bishopeko hiru izar horiek egin eta gero, Buhlek onartu du bere garaierak arazoren bat edo beste eman ziola: «Tsunami horiek ez dira batere zailak, eta ‘Ambrosia’ zein ‘Old Greg’ blokeetan egiten diren mugimenduak (oro har, eskalada) kontrolatzeko buruhausterik ez duzu. Baina ‘Too Big To Flail’-en egoera oso ezberdina bizi izan nuen. Ni ez naiz batere altua, eta horrek mugatzen nau. Aipatu dudan bloke horretan oinak era egokian jartzea zaila baino zailagoa izan zen. Goialdeko sekzioan beste sekuentzia bat erabili nuen; erronka biderkatu zen. Sokarekin saio batzuk egin nituen. Sokarik gabe ekin aurretik neure buruarekin 30 minutuko borroka izan nuen. Behin blokean sartu nintzenean, mugimendu bakoitza segurtasun osoarekin egin nuen». Azkenik, eskalatzaile alemanak esan du eskalada mota horrek harrapatu duela: «Oso gustura jardun dut, eta esperientzia oso ederra izan da. Agian, izaera horietako bloke gogorragoak egin ditzaket, baina horretarako gogor entrenatu behar da». HIRU Fabian Buhl eskalatzaile alemanak Bishopera egin duen bidaian hiru «highball» entzutetsu igotzeko astebete behar izan du. Honakoak dira: «Ambrosia», «Too Big To Flail» eta «Old Greg».