GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORTZIMILAKOA

Nanga Parbat: Elisabeth Revol, onik atera da; Tomek Mackiewicz, ez

Iragan ostegunean, Nanga Parbat igotzeko behin betiko saio egin eta, biharamunean, erreskatatzea eskatu zuten. Revol, atzo, onik iritsi zen kanpaleku nagusira; Mackiewicz, berriz, 7.000 metrotik gora geratu da.


Elisabeth Revol frantziarra eta Tomek Mackiewicz poloniarra Nanga Parbaten egiten ari ziren espedizioa ez da batere ondo amaitu. Emaitzak justu kontrakoa adierazten du. Revol, izozte oso larriekin, atzo onik iritsi zen kanpaleku nagusira. Mackiewicz, berriz, hau ere muturreko izozteekin, 7.000 metrotik gora geratu da.

Oraindik goizegi da jakiteko Nanga Parbat neguan igotzen saiatzen ari ziren bi alpinistoi zer gertatu zaien egoera larri hori bizi ahal izateko. Zehatz-mehatz ezin da ezer ziurtatu; beraz, espekulazioaren tarteari ateak itxiko dizkiogu.

Duela aste batzuk gogorarazi genizuen frantziarrak eta poloniarrak osatutako sokadak Pakistango zortzimilako hori helburu zuela. Mackiewiczentzat zazpigarren bidaia zen; Revolentzat, berriz, hirugarrena. Horrela bada, elkarrekin hiru saio egin dituzte. Eta, aurreratu dugun bezala, azken honek emaitza oso txarra izan du. Jakina, osasunaren eta bizitzaren ikuspuntutik aztertzen badugu.

Oso indartsu

Aurreko ekinaldiek eman zieten sendotasuna ikusita, esan behar dugu azken saio honetan bi alpinistok oso eraginkorrak izaten ari zirela. Nanga Parbat igotzeko Reinhold Messner eta Hanspeter Eisendle 2000. urtean egiten saiatu ziren bidea (bukatu gabea) aukeratu zuten.

Hain zuzen ere, Revolek eta Mackiewiczek joan den ostegunean gailur eguna zuten. Aurreko egunetan haizete oso indartsuak (100 kilometro ordukoak) izan zituzten, baina ostegunerako eguraldi ona iragarri zieten. Badirudi, gaua 7.400 metrora egin zutela.

Hortik aurrera zer gertatu zen ez dago batere argi. Dakiguna da, kota horretan zirela bizitzen ari ziren larritasunaren berri eman zutela. Poloniarrak ikusmen arazoak eta izozte larriak zituen (aipatzen da, halaber, edema izan zezakeela); frantziarrak, berriz, behatzetan izozteak.

Erreskate baten aukerak lehentasuna hartu zuen. K2-n dagoen espedizio poloniarrari laguntza eskatu eta helikoptero batek lau kide Nanga Parbaten kanpaleku nagusira eraman zituen. Revol bere kabuz jaisten zen bitartean, Adam Bielicki eta Denis Urubko haren bila joan ziren. Atzo, Revolekin elkartu eta kanpaleku nagusira heldu ziren.

Mackiewicz-i dagokionez, ez du indarrik izan jaitsiera bati ekiteko. Eta hura erreskatatzeko aukerak baztertu dira, besteak beste, helikopteroak 6.000 metroko kotatik gorago ezin duelako hegan egin.