MAR. 02 2018 Otsaila otsail Pello ZABALA Eguraldian aditua Aspaldikoak ditu bere izenak, nola ez? Herri bakoitzak berea eman dio, noski. Barantaila deitu zioten Zuberoa aldean; zezeila, Bizkaian eta Araban... Otsaila, berriz, hedatuena eta ofizialtasunaren zigilua irabazi duena. «Otsa-» aurrizki hori basati ukitu eta zinua eman nahi diona dirudi. Bera genuke hilabete basatiena, otsatiena, hala ikusia kaletik ez bezala, baserriko eta artzainen bizimodutik; beti otsoen beldurretan ohitutakoen bendizioa eta maldizioa duen hilabetea. Baina, bere ukitua hor gelditzen da urteko beste hilabeteen akorduan: Otsaileko loreak ez du sagarrik ematen. Aurreraturiko eguzki-ordu udaberri kutsukoak gustuz hartzen dira, negutik noiz aterako gabiltzanean, baina, urtean aurrera, ondorio kaltegarriak ekartzen dituzte: sagarra gure aspalditiko zuhaitz eta fruitu estimatuena, eta sagarrik gabe, eta sagardorik gabe, galera handitxoa zuten urte osorako. Zeinen ederki adierazi ziguten gure asaba jakintsu haiek sasoialdi honen gorabeherekiko joera! Begira hau: urtarrilla, hotzak hilla; otsailla, firili-farailla; martxoa, dinbirri-danbarra; apirilla, biribilla... Inpar ttikia ezpainetan dugula uzten gaitu azierto azalpentsu honek. Urtarrilak dakarrena, sufrikarioa gehiena, hotzari nola aurre egingo, gau luze eta arrats ilunak goiz berandutuarekin ñola menderatuko... Otsailak giro koska gehiagoduna, erdi jostalari, trixte bezain alai eskaintzen digula, firili-farailla horrek primeran azaltzen digunez... Martxoak, berriz, barnealdeko ordokietatik bidaltzen digun beroalditxoekin, aldakortasun zantzuak dakarzkigula noiznahi, euri-jasak eta trumoi danbarrak... Apirilak, eskarmentu puxka batekin, eta eguna asko luzatuz, udaberri alaiaren pregoia koloreztatzen digula non-nahi... Baina, nondik ote dator, historia zaharrean begiratzera garamatzan erromatar haien «februario», «febrero» izenean mamitu den hori? Kristo aurretiko 700. urte inguruan, Numa Pompilio Erromako bigarren enperadoreak erantsi zion hilabete hau, artean 10 hilabetekoa zuten urtean. Marteri eskainia zuten «martxoa», eta Plutoni, Februo zeritzanari eskaini zioten aurreko laburxeago hau. Ordukoxea da, baita, Janori eskainitako aurrekoa, «januarius», egun motx eta gau luzeduna, «enero» bataiatuko zutena. Otsailak giro koska gehiagoduna, erdi jostalari, trixte bezain alai eskaintzen digula