GARA Euskal Herriko egunkaria

Dekretua atera bitartean, baserrietako EIT azterketak «lasaitzeko» eskatu dute

2015etik baserriek ere azterketa teknikoa egin behar dute, baina Bizkaiko EHNEk, Lakuako ordezkariekin bildu ostean, adierazi du 2012ko dekretuaren antzeko zirriborro bat bidean dagoela, EIT-tik salbuesteko.


Atzo bildu ziren nekazaritza sektoreko sindikatuak eta Lakuako ordezkariak Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa (EIT) baserrietan egitearekin zerikusia duten gorabeherak argitzeko.

Bizkaiko EHNEk GARAri jakinarazi zionez, dekretu baten zirriborroa badago, eta 2012koaren antzekoa da. Horrek, salbuetsi egiten ditu bide publiko begira ez dauden baserriak. Dekretuak argia ikusten duenerako –«ekaina baino lehenago seguru ezetz»–, ordea, EIT azterketak pasatzeko epea amaituta egongo da. «Udal batzuk EIT pasatzeko eskatzen dabiltza, jakinda zirriborroa hor dela», kexatu ziren. Horregatik bileran nabarmendu duten funtsezko puntua izan da dekretua atera bitartean, 50 urte baino gehiago duten baserriei eskatzen zaien EIT azterketak «lasaitzeko».

Hain zuzen, eskaera horrekin osatuko dute Eudelera bidaltzea aurreikusten duten idatzia.

Izan ere, 2012tik 2015era indarrean egon zen aipatu dekretua, 2015ean indargabetu zuten arte, eta ordutik, 50 urtetik gorako baserri guztiek pasa behar izan dute EIT azterketa.

Bide publikora ematen duten baserrien kasuan oraindik zehazteko dagoen arren, Bizkaiko EHNEk jakinarazi du azterketatik salbuesteko baliatu daitekeela baserriak etxebizitza soilak baino gehiago diren argumentua. «Bidegintzaren ardura udaletxe bakoitzari dagokio, baina badago zirrikituren bat gobernu zentralari salbuespen egoera helarazteko», adierazi zuten.

Emakumeen estatutua

Bestalde, Legebiltzarrak aho batez onartu zuen Emakume Nekazarien Estatutuaren aldeko mozio bat, EH Bilduren ekimenez. Eva Lopez de Arroyabe legebiltzarkideak gogorarazi zuen jada bi urte eta erdi pasa direla legea onartu zenetik baina betebeharrak egiteke daudela: «Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu neurri zehatzak hartzea emakume nekazarien egoera larria argitaratzeko eta salatzeko».

Emakume Nekazarien Estatutuak diskriminazioari amaiera ematea helburu izaki, Lakuari eskatu diote urte bukaera baino lehen aurkez dezala betetzeko egutegi bat eta neurriak finantzatzeko aurrekontua, emakume nekazariekin elkarlanean.