GARA Euskal Herriko egunkaria
BOULDERRA

Rocklands-en estutzen eta bloke berriak zabaltzen

Ander Mendietak hilabete egin du Hegoafrikako blokeko eremu horretan. Arrasatearrak «Moiste messie» (8b) eta pare bat 8a+ sinatu zituen. Horretaz gain, hainbat proposamen ireki ditu. Fontainebleaun, berriz, «Mecanique elementaire» (8b+) eskuratu du.


Azken urteotan, Hegoafrikan dagoen sona handiko bloke eremu batek ikaragarrizko goraldia izan du. Rocklands izeneko alderdiari buruz ari gatzaizkizue. Aldeko iritzi ugari ditu, eta horregatik, urtero-urtero, makina bat bisitari ditu. Lehen lerroko espezialistek ez dute hutsik egiten. Eta denboraldi honetan han izan dira Daniel Woods, Dave Graham, Daisuke Ichimiya, Kim Marscher, Aidan Roberts...

Eta, nola ez, euskal blokezale batzuek ere horiekin elkarlanean jardun dute. Horietako bat Ander Mendieta dugu. Arrasatearrak, Julen Arriola kidearekin, uda honetan hilabete egin du “paradisu” horretan. Eta, hain zuzen, bloke eremu horri buruz hasieran aipatu dugunarekin bat egin du: «Nire bigarren bidaia izan da. Hego hemisferioan dagoenez, hango neguak eskaintzen dituen baldintzak aprobetxatzen ditugu. Ukimen ikaragarri ona du, ez du euririk egiten, fresko eta haizea egiten du... Zalantzarik gabe, eremu ikaragarri ona da. Eta horregatik goi mailako blokeroak hara joaten dira. Bestalde, egundoko aukerak ematen ditu. Autoz kilometro piloa egiten duzu, eta ohartzen zara blokeak nonahi daudela. Beraz, zabaltzeko aukerak amaiezinak dira. Urtero sektore berriak azaltzen dira. Nik uste dut soilik %5-10 zabaldu dela. Eta, azkenik, esango nuke hango blokeak nire ezaugarrietarako oso-oso egokiak direla. Besteak beste, erregeleta gehiago dituztelako. Adibidez, Fontainebleau bikaina da oso. Gertatzen dena da eskuarki ez dituela baldintza oso onak. Rocklands-ekoak balitu...».

Iritzi hori eman eta gero, arrasatearrak aurreratu digu alderdi horretan egin duen hilabetean, oro har, baldintza onak izan dituela. Alabaina, ezustea izan zuen: «Bost egunez jarraian euria egin zuen. Eta hori ez da batere ohikoa».

Bigarren bidaia honetarako, Mendietak adierazi digu bi helburu zituela: bat, bloke gogorretan estutzea; eta bi, proposamen berriak sortzea. Eta, bai, blokeak zabaltzen denbora egin du: «Estutzen baino gehiago bloke berriak aurkitzen eta irekitzen jardun dut. Hauek garbitu, pausoak eta sekuentziak atera, saioak egin... Lauzpabost korapilo zail zabaldu ditugu. Horietako bat 8b+ izan daiteke. Askatu gabe dago. Graham, Woods eta enparauek probatu zuten baina, esan dudan bezala, askatu gabe dago. Kide hauek bloke gogor ia denak eginak dituzte, eta orain zabaltzen direnak probatzen dituzte».

Eta estutu

Lan horiek guztiak egiteaz gain, arrasatearra gai izan zen bloke zail bat egiteko: “Moiste messie”: «Mitikoa da, eta, berez, 8b+ da. Kontua da kaleratu duten gida berriak 8b bezala aurkezten duela. Nire anaia Markelek probatu eta ezin izan zuen sinatu. Uste dugu 8b+ dela. Hamabiren bat pauso ditu, eta arraro samarra da; izan ere, eroria du eta barruko heldulekuak nahiko kamutsak dira».

Aipatu dugun bloke horrekin batera, Mendietak etxera pare bat 8a+ ekarri ditu: «Horietako bat ‘Black shadow’ ezaguna da. Eta besteak soilik pauso gogor bat du. Oro har, egin ditudan blokeekin gustura nago».

Nazioarteko izarrak diren bere kideek, berriz, 8c batzuk egiteko aukera izan dute: «Nik hilabete egin nuen, eta hauek hango negua ia oso-osorik. Haiekin apustu batzuk egin nituen, eta baten bat irabazi dut. Denbora gutxi dudanez, bloke bat probatu eta azkar ateratzen ez bada alde batera uzten dut; ez dut astebete igarotzen bloke batean saioak egiten».

Azkenik, Mendietak gogorarazi nahi izan digu Rocklands-era joan aurretik, Fontainebleautik igaro zela. Eta han izen handiko bloke bat sinatu zuen: «Ezohikoa bada ere, ia bi astez eguraldi ona egin zigun. Baldintza onak aprobetxatu nituen, eta ‘Mecanique elementaire’ (8b+) sartu nuen zakuan».