GARA Euskal Herriko egunkaria

Lakua


Klima eta ingurumenari loturiko hondamendiek eragindako errefuxiatuen kopuruak gora egin du azken urteotan eta hala jarraituko duela diote adituek. Horren aurrean, Nazio Batuen Erakundeak berak egokitu behar izan du errefuxiatuei buruzko definizioa fenomeno «berri» honi toki egitearren eta haren biktima direnei behar bezalako babesa eskaintzearren. Babes hori, jakina, teorikoa da, nazio-estatu bakoitzaren esku baitago errefuxiatuak onartzea ala ez.

Klima aldaketaren eta ingurumenaren gaineko auzia konplexua da dudarik gabe, haren atzean dauden faktoreak anitzak direlako. Eta kaltetuak denok bagara ere, gehien galtzeko dutenak egoeratik ihes egiterik ez duten horiek dira. Hondamendiaren aurrean, denok ez baititugu etxez zein herrialdez aldatzeko baliabide, aukera zein eskubide berberak. Hubert Sauperren 2004ko “Darwin’s Nightmare” (Darwinen amesgaiztoa) interesgarria da zentzu horretan, botere dinamikek ingurum en kontuak nola arautzen dituzten azaltzen duelako. Kapitalismoaren eta (neo)kolonialismoaren arteko konplizitatearen adibide garbia den kasua azaltzen du dokumentalak: Mendebaldean arras preziatua den arraina Tanzania, Uganda eta Kenya artean kokaturik dagoen Viktoria lakura eraman zuten azkarrago ugal zedin, katastrofe ekologikoa eta gizatiarra eraginez. Ingurumena babesteko neurririk ez hartzea aurpegiratu izan dio Mendebaldeak Afrikari, baina nola babes ditzake Afrikak bere fauna eta flora (bere biztanleen ongizatea arriskuan jarri gabe) Mendebaldeak haiek ustiatzen jarraitzen badu?