OCT. 30 2018 Zesta Jonatan Hernandez, amaiera ederra marrazten Atzelari gasteiztarrak Munduko Txapelketa irabazi berri du amaitzear den 18 urteko ibilbidea borobilduz. Asier AIESTARAN Zesta-punta profesionalaren Euskal Herriko denboraldia amaitu den egunotan, aipamen berezia merezi du Jonatan Hernandez Duke atzelari gasteiztarraren lanak. Ibilbide luze eta oparo baten ostean, azken bizpahiru urteak gorabeheratsuak izan dira beretzat, baina bere eliteko kirolari bizitzari bukaera ederra ematen ari zaio, besteak beste, Bartzelonan jokatu den Munduko Txapelketan urrezko domina irabazita. «Finala amaitu zenean mugikorra begiratu eta 600 bat mezu nituen. Ezinezkoa zen une horretan denak erantzutea, eta hurrengo egunerako utzi nuen lan hori, garaipenaz gozatu ahal izateko. Hurrengo bi egunetan ia guztiak erantzun nituela uste dut», azaldu zuen pozik arabarrak Jai Alai News atariari eginiko adierazpenetan. Hernandezek Aritz Erkiagarekin bikote osatuz lortu zuen garaipena Munduko Txapelketan, Olharan eta Etxeto mendean hartuta. Baina urrezko dominak adina asebetetzen du puntista gasteiztarra 37 urterekin onenekin parez pare aritzeko maila duela ikusteak, are gehiago 2016ko maiatzean izan zuen auto istripu larriaren ondoren. Hiru hilabetez egon behar izan zuen jokatu gabe, baina benetako gurutze-bidea berragertu eta pare bat hilabetera hasi zen. Lehenik hernia diskal bat izan zuen gerri inguruan, zazpi hilabetez geldi egotera behartu zuena. Eta lesio horri buelta eman eta jokatzen hasi zenean meniskoa apurtu zuen. Ebakuntza egin ostean beste urte erdi pasa behar izan zuen kantxetara itzuli ahal izateko. Horiek denak pasata, normala da berriz ere goian dabilela ikusteak poz berezia ematea. «Munduko Txapelketa unerik onenean iritsi zaidala esango nuke. Uda hasieran oraindik erritmoa falta zitzaidan, kantxan ordu gehiago behar nituen nire benetako maila eman ahal izateko. Ez ditut partida gehiegi jokatu aurtengo udan, baina asko entrenatu dut eta hori nabaritu da azken txanpa honetan». Oraindik ez du xistera erabat zintzilikatu nahi, baina bere unibertsitate ikasketak amaitzear ditu Miamin eta bizimodu aldaketa bat ere gertu omen dauka: «Nire kirol ibilbidea amaitzeko gutxi falta da, hori argi dago. Unibertsitate ikasketak amaitzear nago (Enpresa Administrazioa eta Marketina) eta horretan lan egitea gustatuko litzaidake. Baina gorputzak erantzuten duen bitartean eta lan munduarekin uztartu dezakedan bitartean jokatzen segituko dut». Atzera begira jarrita, esan daiteke ia dena Forondarekin irabazi zuen 22 urtez azpiko Munduko Txapelketan hasi zela. Handik gutxira sinatu zuen kontratua Daniako frontoiarekin eta zortzi urte eman zituen bertan jokatzen. Okala, Fort Pierce eta Orlando artean beste lau joan ziren, eta azken lau denboraldiak Miamin egin ditu, ikasketak amaituko dituen hiri eguzkitsuan. Guztira 18 urteko ibilbide profesionala zesta-puntan, modelo lanak ere egitea zer den badakien eta yoga zein meditazioa gustuko dituen gasteiztar honentzat. Hori bai, etorkizuna Miamin edo Gasteizen eraikiko duen oraindik ez dauka argi: «Nire lekua aurkitu beharko dut lan munduan, han edo hemen, bizitzak kokatzen nauen lekuan». Garaipen bikaina Gernikako finalean Urte amaiera hau erabat borobiltzeko, Hernandezek Gernikako Urriko Masterraren finala irabazi zuen atzo Goikoetxearekin batera Olharani eta Lopezi 2-1 irabazita. Urriko Azken Asteleheneko azoka ospatzeko jokatutako jaialdiko erregea Iñaki Osa Goikoetxea izan zen, aurtengo denboraldian ere puntistarik onena izan dela erakutsiz –finala hasi aurretik Jai Alai World Tourreko aurrelari (eta pilotari) onenaren saria jaso zuen; atzelari onena Eric Irastorza izan da–. Aurreneko jokoan (15-10) Goikoetxeak sekulako erakustaldia eman zuen. Gorrien 15 tantoetatik 10 berak egin zituen eta bereziki min handia egin zion Olharani errestoan: hiru tanto sartu zizkion jokaldi horrekin. Atzean Imanol Lopez Hernandez baino gehiago zen, baina ez jokoa bereganatzeko adina. Bigarrenean gauzak dezente aldatu ziren. Lopezek bere pilotarekin argiago agindu zuen, eta Goikoetxeak lehen jokoan baino akats gehiago egin zituen. Hala ere, eta 8-13 aurreratu arren, azkenean 13-15 estu batekin lortu zuten urdinek berdinketa. Hirugarren eta azken joko erabakigarrian, Goikoetxea berriz ere bere maila onenean aritu zen eta 5-2 argi batekin lortu zuten garaipena gorriek. Tanto ikusgarriak izan ziren eta jendeak majo gozatu zuen harmailetan.A.A.