DEC. 02 2018 BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA JONE URIA IRABAZLE ETA FINALEKO ZORTZIKOTEA OSATUTA LEKEITIORA ARTEKO ERREPIDEA NAHASI TOPATU, BERANDU HELDU, ETA ATEAK ITXITA TOPATU DITUGU SANTI BROUARD KIROLDEGIAN. «SARRERAK AGORTUTA» KARTELA ZINTZILIK ETA BERTSOZALE TALDE BAT SARTU NAHIAN. SARTU ORDUKO PASATU ZAIGU IKARA. Last update: DEC. 03 2018 - 15:30h Maider IANTZI Atea ireki dutenean, zortziko handiko lehenbiziko ofizioetako bertsoaldi baten eta bestearen artean, isil-isilik sartu eta hartu dugu lekua. Ezker-eskuin begiratu eta denak kontzentratuta daude, saioan bete-betean sartuta. Ofizio bat beranduago sartu gara gu, zortziko txikian, Txaber Altube eta Etxahun Lekuerekin taxian, jendea piztu duen ariketa umoretsuan. Abadiñokoak taxia hartu du Lekeitiotik aireportura, baina Larrabetzuko gidariak ordu erdiz darabil Lekeition bueltaka. Jone Uriak eta Ander Elortegik ere sortu dute txinparta mintzapraktikan ari diren bi kideren paperean. Gernikarra isiltzen ez dela-eta, hala bota dio Algortakoak: «Belarriprest naiz baina ez hainbesterako». Eta Elortegiren kolpea: «Zu belarriprest eta ni berriz naiz txapa». Hamarreko txikian, berriro harrapatu gaituzte Uriak eta Altubek. 20 urterekin, indartsu kantatu du abadiñarrak. Jone odol-emailea da aspalditik. Txaber bikotekidea konbentzitu nahian dabil berarekin batera emateko. Odola gorputzean litroka dugula erran, eta «beti izan naiz oso odol gutxikoa», aitortu dio mutilak. Azkar iritsi da kartzela, Elortegik kantatu duen bezala, korrika. Ohi bezala, gai irekia zuten: «Zuen begiradak gurutzatu dira. Urduri jarri zara». Lehenbiziko bi bertsolariek, halere, gai berari kantatu zioten, Iñigo Cabacasen hilketari eta honen inguruko epaiari, baina ikuspuntu ezberdinetik. «Epaitegiko gelan gaur parez pare gara/ duintasuna dario, Cabacasen ama da», dotore amaitu du lehen bertsoa Lekuek, ertzain baten paperean. Hirugarrena: «Goitik beherakoa izan zen Ertzaintzaren porrota/ atxakia argi egoan ziren zortzi borroka/ oin epaiketa egin da gutako bosten kontra/ bati zigor txikitxu bat besteok txalo jota/ txakurrak ez dau eiten inoiz txakurran kontra/ nor izan zan baneki be eneuke esango ta». Ajuriagojeaskoa beste aldean jarri zen, ertzain bat ondoan izateak ezinegona sortzen dionaren lekuan. «Aurrean jarri zara zu eta badaukat nahiko bertigo/ gaba haretan gertatu zana oroitu baitot barriro/ agian zure lankide batek hil ebalako Iñigo», amaitu zuen bigarrena. Amona eta bilobaren begiak Jone Uriak bilobaren izena ahantzi zaion amonaren ahotsa ekarri du, goitik beherako hiru bertsotan. Hona azkena: «Bera begira jarrita okertzen nuen beruntz betazala/ baina orduan begiratu dit ta pentsatu dut aibala/ orain zeozer esan behar dit ta leundu zait azala/ baina ez du esan isilik dago denbora pasa ahala/ ta begiradaz barkatu esan eta esan diot hala:/ eskerrik asko egitearren ezer ez balitz bezala». Elortegik bertsolarien kartzelako trantzea deskribatu du, Altubek gau bateko maitasun istorioa; Arrate Illarok, aldiz, belarriprest baten kezka eta urduritasuna ahobizi batekin gurutzatzerakoan. Saio bizi eta dotore honen ondotik, hurrengo hitzordua finala da, hemendik bi astera, Bilboko Miribillan. Bertsolariak FINALISTAK: Miren AMURIZA 515,5 Nerea IBARZABAL 514 Jone URIA 508,5 Xabat GALLETEBEITIA 503,5 Etxahun LEKUE 502 Onintza ENBEITA 497,5 Eneko ABASOLO 487,5 Aitor BIZKARRA 485,5 GAINERAKOEN PUNTUAK: Imanol URIA 479 Malen AMENABAR 474,5 Ibon AJURIAGOJEASKOA 468,5 Oihana BARTRA 467,5 Julen EREZUMA 464,5 Ander ELORTEGI 462,5 Beñat UGARTETXEA 460,5 Unai MENDIBURU 460 Txaber ALTUBE 457 Arrate ILLARO 455