MAR. 18 2019 BOULDERRA Inoizko partaidetza handiena Pio Barojako Txapelketa Herrikoian Donostiako Fortuna Kirol Elkarteak antolatutako hamargarren ekitaldiak markak hautsi zituen; izan ere, 136 lehiakidek hartu zuten parte. Hilaren 10ean izan zen hitzordua eta giro bikaina gailendu zen. Andoni ARABAOLAZA Euskal Herrian antolatzen diren boulder txapelketa herrikoien artean arrakasta handiena izaten duena Donostiako Fortuna Kirol Elkartearena da, parte-hartzea kontuan hartzen badugu behinik behin. Dagoeneko hamar ekitaldi egin ditu; azkena, hilaren 10ean jokatu zena. Eskuarki, 120 parte-hartzailetik gora izaten ditu, eta azken edizioan markak hautsi ditu: 136 blokezalek hartu zuten parte. Nahiz eta gehienak Donostialdekoak izan, beste batzuk Euskal Herriko hainbat txokotatik hurbildu ziren. 136 lehiakide herrikoi horietatik 34 soilik ziren emakumezkoak. Hiru kategoriatan banatu ziren: 18 urtez azpikoak, seniorrak eta beteranoak. Azken maila honetan ez zen emakumezkorik azaldu. Azpimarratzekoa da, ordea, gazteenen artean 40 eskalatzaile lehiatu zirela. Goizeko sailkapenetan, ekipatzaileek 28 bloke prestatu zituzten. Estilo guztietako korapiloak gainditu behar izan zituzten. Eta horiek guztiak askatu ahal izateko, parte-hartzaileek lau ordu izan zituzten. Beste urte batzuetan ez bezala, bloke zailenetan bi egin gabe geratu ziren; hori gertatzen den aurreneko aldia izan da. Giro bikaina Arratsaldeko finaletara, berriz, lehen zortzi sailkatu sasoikoenak igaro ziren. Aurten formatua aldatu dute. Azken fase hori dinamikoagoa izateko, zortzi bloke jarri zituzten. Den-denak elkarrekin jardun zuten, baina kategoria bakoitzak bere blokeak zituen. Horiek guztiak gainditu ahal izateko, gainera, denbora gutxiago izan zuten: 35 minutu. Azpimarratzekoa da, beste ekitaldi batzuetan ez bezala, bloke fisikorik ez zela egon. Bai, ordea, dinamikoak, oreka mantentzekoak... 18 urtez azpikoen kategorian, Eneritz Perezek eta Mikel Puyk irabazi zuten. Bigarren postuan Iune Lahidalga eta Mikel Cuerda sailkatu ziren, eta hirugarrenean, Olaia Bentura eta Amets Arbelaitz. Seniorretan, bestalde, Irati Zabala eta Eneko Cantero aise gailendu ziren. Bigarrenak: Ilia Uriarte eta Ernest Bernabeu. Eta hirugarrenak: Arantxa Arrieta eta Ander Huegun. Beteranoetan, azkenik: Eneka Guenetxea lehena, Gonzalo Manrique bigarren eta Iñigo Zeberio hirugarren. Antolatzaileak pozik ziren 10. ekitaldiak izan duen erantzunarekin: «Giro bikainaz gain, partaidetzan errekorra izan dugu. Gainera, finaletara gero eta ikusle gehiago hurbiltzen da». ERREKORRA Martxoaren 10ean, Pio Barojako X. Bloke Txapelketa Herrikoian 136 lehiakidek hartu zuten parte. Giro ederraz gain, lehia ikusgarriak ikusi ziren.