GARA Euskal Herriko egunkaria
HERRI KIROLAK

Aimar Irigoien, aurten ere garaile Adunan


Igande arratsaldean jokatu zen Adunan bertako 13. Harri-jasotze Txapelketa, eta ohiturari jarraiki bost harri erabili zituzten: 100 kiloko bola, 139ko harri baldarra, 150eko kubikoa, 155eko koadroa eta 160ko zilindro zaharra. Harri bakoitzari bina jasoaldi segidan eman behar zizkioten.

Iazko txapelduna, Aimar Irigoien, izan zen azkarrena hamar jasoaldiak egiten. Bere denbora minutu eta 53 segundokoa izan zen. Arnasa hartzeko betarik gabe aritu zen: harri bat jaso bi aldiz eta derrepentean beste baten bila. Gainera, berak bazekien, azkena izanik, aurrekoek egindako lanaren berri, eta Jokin Eizmendik lan bikaina egina zuen: 2:17. Hurrengo urtean ere parte hartzen badute izango da emozioa.

Hirugarren Aimar Galarraga izan zen (3:02), laugarren Xabier Peñagarikano (3:59), bosgarren Imanol Illarramendi Kortaberri (4:01) eta azkena Gorka Etxeberria (5:22). Josetxu Urrutiak ere parte hartu zuen baina bere lana ezin izan zuen burutu.

Txapelketaren ondoren Gorostidi Harria, 185 kiloko zilindro zaharra, zain zegoen norbaitek, esku bakarrez, jasotzen bazuen 500 euroko sari berezia eramango baitzuen. Baina, urtero legez, inor ez zen ausartu.

Iñaki Gorostidik eratzen duen txapelketa honek urtero jendez gainezka jartzen du Adunako frontoia.

Sega Beramendin

Bestetik, igandean eman zitzaion hasiera Euskal Herriko sega liga txapelketari Udabe-Beramendiko zelaian (Nafarroa). Partaide asko izan ziren lau kategoriatan. Bakoitzeko hiru aurrenak aipatuko ditugu. Gizonezkoetan 13 partaide ziren eta onena Bixente Mitxelena beteranoa izan zen, 60 puntu eskuratuta. Bigarren Migel Mari Jauregi Altzo (59) izan zen eta hirugarren Koldo Arzalluz.

Emakumeen mailan, 12 segalari aritu ziren eta aurrena Alaitz Imaz izan zen 60 punturekin, Ainara Otamendi (59) eta Irati Astondoa (58) menderatuta. Nesken gaztetxo mailan zazpi lehiakide izan ziren eta aurrena Maider Garmendia izan zen 60 punturekin, Graxi Elosegi (59) eta Sehella Sarasolari (58) aurre hartuta. Eta 13-14 urte bitarteko zortzi mutiletan onena Jokin Mikeo izan zen, Josu Mendizabal eta Arkaitz Gabirondoren aurretik. Maiatzaren 19an, Araian (Araba) dute bigarren jardunaldia, 12.00etan.