JUN. 30 2019 EUSKAL HERRIA ZUZENEAN MILAKA GAZTEK «AUZOLANAZ BERPIZTU» DUTE EHZ FESTIBALA IRISARRIN BELAUNALDI BERRI BATEK HARTU DU «EHZ AUZOLANAZ BERPIZTEKO» ARDURA. OHIKO EREDUARI EUTSI ARREN, TAILER ETA EZTABAIDEK GARRANTZI BEREZIA IZAN DUTE. HIRU EGUNEZ IRISARRI DANTZAN JARRI DUEN FESTIBALA GAUR AMAITUKO DA. Haritz LARRAÑAGA Ostiral gaueko festaren biharamuna aurpegian iltzatua zuten atzo Irisarrira (Nafarroa Beherea) iristen ziren autoei instrukzioak ematen zizkieten laguntzaileek. Euskal Herri osoko, zein Katalunia edo Alemania bezalako herrialdeetatik etorritako 300 laguntzaile atseden gabe lanean aritu dira aurtengo EHZ festibalean. Ateak ireki orduko, aparkaleku bilakatu zituzten pentzeak kolore guztietako furgonetekin eta autoekin bete ziren. «1.500 lagun izan ziren ostiralean, eta gaur jende gehiago espero da», adierazi zuen antolaketa lanetan zebilen Donamartiriko Julenek, eta asmatu zuen. Egun osoan jende andana ibili zen Irisarriko erdialdean, gehienak euskaldunak, baina gauarekin batera, frantses hiztunez osatutako taldeak iristen hasi ziren eta parkingeko ibilgailuek belardi osoa estali zuten. Urte luzez laguntzaile gisa aritu arren, aurten lekukoa hartu duen belaunaldi berriko kideetako bat da Julen, eta GARAri aitortu zionez, «espero genuen baino jende gehiago etorri da». Gaietan sakontzen Aurtengo EHZk izan duen bereizgarrietako bat tailer eta hitzaldien indartzea izan da. «Ipar Euskal Herriaren periferian, baina aldi berean, Ipar Euskal Herriko bihotzean egon nahi genuen», adierazi zuen Inhar Iraiotz komunikazio arduradunak. Izturitzeko gaztearen esanetan, «belaunaldi berri batek hartu du EHZ antolatzeko ardura, eta haien behar eta arazoei egokitutako tailerretan sakontzeko esfortzu berezia egin da». Garai batean «EHZko brigada berdeko» kide izan zen Gorka Torrek autogestioaren inguruko hitzaldia eskaini zuen, eta honek ere «hitzaldien edukietan sakondu» dela azpimarratu zuen. Asko izan ziren Irisarriko erdigunean dagoen egoitza ikusgarrian eskaini ziren hitzaldiak, baina bost arlo jorratu zituzten batez ere: eraso sexistak, migrazioa, G7 gailurra, besta eta militantzia, eta autogestioa eta antolakuntza. Horrez gain, Lorentxa Beyre presoak egindako artelanak eta bestelako erakusketak ere ikusgai ziren Ospitalea izeneko eraikinean. Goizean zehar 80 pertsona inguru izan ziren hitzaldietan, baina sarreran informazioa eskaintzen aritu zen Bilboko Leirek argitu zuenez, «jendeari zakutik ateratzea apur bat kostatu zaio, zeren lehen orduko hitzaldietan jende gutxiago izan da». Jan, edan eta dantza egin Kanpoaldean giroa bestelakoa zen, baina eztabaidek jarraitzen zuten. Xumai Murua eta Matti Sarasuak bertsotan eztabaidatu zuten Irisarriko karrikak zeharkatu zituen bertso poteoan, eta entzundakoak iruzkintzen zituzten entzuleek. Handik gertu, haurrak herri kiroletan, izerditan, eta plazan, jendea multzotan sakabanatuta, kalakan. Logura aurpegiarekin, «goizeko 6etan kukurrukuka esnatu gaituen oilarra» madarikatzen zuen Faustok. Bere lagun Paul ere kexu zen, zeren «atzeraka goaz, dutxak ez dira mistoak, eta hala ere jende asko bainujantziekin dutxatzen da». 40 urteko bi lagunak harritu zituen beste datu bat ere eman zuten: «Akanpalekuko sarreran atzo ezarri zituzten preserbatiboen kaxek oraindik zigilatuta jarraitzen dute». Eguraldiak lagundu zuen eta artean, plazako oholtzan edo zoruan, beti bazen musikariren bat gerriak mugiarazten. Horrela, dantzan zein talo, ogitarteko eta edari artean, eguna aurrera zihoan eta plaza jendez betetzen ari zen. Cumbiam’bero taldeak saltsazaleak saltsa dantzatzen jarri zituen, eta arratsaldeko seietan Anarik lehen akordeak jo orduko, plaza leporaino betea zen. Batzuk lurrean eserita, beste batzuk zutik, horrela pasa zen arratsaldea, Elektro Buiaka eta The Very Small Orquestra taldeen kontzertuekin. Jende uholdea iritsi zen gauean, eta egunean zehar lanean aritu ziren boluntarioak ere gozatzeko prestatzen hasi ziren. «Gaur gure eguna da», iragarri zuten egun osoan laguntzaileen txanden postuan lan egiten aritu ziren Baigorri eta Aiherrako Terexa, Mayi eta Itxaro lagunek. Goizeko hiruretan amaitu ziren kontzertuak, baina dozenaka batzuk izango ziren, ostiralean bezala, eguna argitu arte festa luzatu zutenak. Egitarau oparoak gaur jarraipena izango du. 500 lagun izango dira zikiro janean, eta antolatzaileen kalkuluen arabera, «festibala amaitzerako, 5.000 bisitariren langa gaindi dezakegu». Ostiralean 1.500 bisitari izan ziren eta festibala amaitzerako 5.000 bisitari izan daitezke