JAN. 06 2020 Alegiazko hiri baten inguruan komikia osatzeko bidean Asier Iturralde «Gaston» izango da martxoak 15era bitartean Donostiako Aiete auzokoko Ilustratzailearen Txokoko artista gonbidatua. Aukera aparta, beraz, orain arteko bere ibilbidea ezagutzeko, Aintzane Usandizagarekin batera sortu eta Etxepare Saria jaso zuen «Etxe honetan» ipuina kasu. Aurrera begirako bere egitasmoak ere badute lekua Aieten, adibidez, Irizar hiri imajinarioan gertatzen diren eta komiki liburu bihurtzeko bidean diren askotariko istorioak. Nagore BELASTEGI DONOSTIA Bizarra, txanoa eta A handi bat duen jertsea darama Asier Iturralde ilustratzailearen karikaturak. Oso gustuko zuen bere izenaren lehen hizkia zeraman jertsearekin marraztu zuen bere burua donostiarrak, eta jada bere sinadura modukoa bilakatu da pertsonaia hori. Sortzen ari den proiektuaren pertsonaia ere bilakatu du egileak. Egitasmo hori, Donostiako Aiete auzoko kultur etxeko Ilustratzailearen Txokoan ezagutu ahal izango dugu martxoaren 15era bitartean. Izan ere, bertan Iturraldek orain arte egindako lanen lagina aurkituko dugu, baina baita noizbait liburu izatea nahiko lukeen egitasmoa ere. «Euskal hiri bat asmatu dut, Bilbo edo Donostia, edo bien arteko nahasketa izan daitekeena: Irizar. Eta bertan taberna bat dago, Beti Berdin, eta nik bertan gertatzen diren istorioak kontatzen ditut. Asmoa da istorio luzeak, motzak eta txisteak tartekatzea», kontatu digu sortzaileak. Orain arte Internet bidez, Facebooken, Instagramen eta fanzine batean argitaratu ditu tira komikoak. Irizar hiriko txoko desberdinak sortzen ditu, baita bertako biztanleak ere. Gehienetan pertsonaia batzuk errepikatzen badira ere, batzuk behin besterik ez dira ateratzen. Bakoitzak bere nortasuna eta arazoei aurre egiteko modu desberdina du. Tabernako produktuen hornitzaileen logotipoak ere sortu ditu Iturraldek: Bodegas Martinez, Agirre Urdaitegia... Izan ere, diseinatzailea ere badenez, lanok asko gustatzen zaizkio. Futbol taldea eta guzti sortu dio hiriari, Anaitasuna, kolore horia ikur duena. «Nahiko eroso sentitzen naiz nahasketa horrekin, zuria, beltza eta horia. Nahiko potentea da eta, uste dut, originala ere badela. Eta horregatik aukeratu dut, baina baita busti nahi ez dudalako ere...», dio barrez, txuri-urdin edo zuri-gorri binomiotik aldendu nahian. Umorea lantzen du ilustratzaileak, eta, horri esker, batzuetan enkarguak ere egiten dizkiote. Adibidez, hipoteken gaia irudiekin azaltzeko eskatu zioten behin. Handiei begira Chris Ware, berarentzako «mundiala» dena, eta Seth ilustratzaileak ditu erreferente. Azken horrek, gainera, hiri bat sortu zuen, berak bezalaxe.«Nik nire proiektua hasi ostean ezagutu nuen», argi utzi digu. Sethek Kanadan kokatu zuen bere alegiazko hiria, eta istorioak irudikatzeko eraikin guztiak kartoiez sortu zituen. Iturraldek ez du halakorik egin... oraindik. Hala ere, gehien miresten duen ilustratzailea Jean Jaques Sempe frantsesa da. «Sempe maisu handia da. Nikolas Txikia asmatu zuen. Esaten didate bere antzeko marrazkiak egiten ditudala. Hala izatea nahiko nuke!», dio. Iturralde koloreak oso ondo nahasteko gai da, baina askotan kolore bakar baten aldeko hautua egiten du. Zuri-beltzari kolore bakar bat gehitzen dio. «Uste dut oso garbi gelditzen direla marrazkiak eta begiratzerakoan lasaitasun bat transmititzen dutela. Niri ilustratzaile frantsesak eta japoniarrak gustatzen zaizkit, eta horrelako teknikak erabiltzen dituzte», kontatu digu. Ilustratzaile handiek bezalaxe Iturraldek ere badu bere ezizena: Gaston. «Bazegoen komiki pertsonaia bat Gaston Lagaffe izenekoa, eta nik oso gustuko nuen. Gainera, ‘Gaston’ hitzari ‘bascon’ hitzaren antza hartzen diot nik, eta imajinatzen nuen Iparraldeko marrazkilari bat izan zitekeela. Aspalditik neraman izenaren kontuari bueltak ematen eta azkenean erabaki nuen hori izango zela nire nire ezizena», azaldu du. Arte Ederrak ikastera joan zen Bilbora eta ordutik bertan bizi da. Enkargu ugari egiten dizkiote bertan: Bilboko Udaleko Gazteria eta Kultura sailetarako ilustrazioak egiten ditu, Euskararen Etxearentzat ere asko egiten du lan, Bizkaiko liburutegietako katalogoetako portadak egiten ditu, Kalealdia jaialdiko kartela ere egin izan du azken urteetan... Ilustratzailearen Txokora eraman duen beste elementuetako bat Aintzane Usandizagarekin batera osatutako “Etxe honetan” (Pamiela) liburua da. Galtzagorri elkarteak antolatzen duen Biko-teka jardunaldietara nor bere aldetik joan ziren biak eta bertan elkartu egin zituzten, eta ipuin hori sortu zuten. Elkarlana ondo atera zitzaien eta 2019ko Etxepare Saria irabazi zuten, eta, horri esker, ipuina argitaratzea lortu zuten. Galtzagorriri esker Marrazioak jardunaldietan ere parte hartu du. Aurtengo ariketa errezeta bat ilustratzea zen, eta horretarako bi pertsonaia sortu zituen; neskatxa bat eta marinel bat, irudi bidez txipiroiak nola prestatu behar diren azaltzen dutenak. Horrelako lanak egiterakoan errotulagailuak erabiltzen ditu Gastonek, baina lan profesionalak egitean nahiago du digitalki sortzea, gauzak aldatzea errazagoa delako. Bi estilo horiez bertatik bertara gozatzeko aukera dugu orain Aieten.