JAN. 13 2020 Hautespen naturala Surflari ernegatua Maila ertaineko surflari asko haserretu egiten da esperientzia handiagoa duen surflari batek urautsi arriskutsu bat beretzat leku egokia ez dela esaten dionean. Baina horrela da, urautsi guztiak ez dira edonorentzat aproposak. Guztiek dute edonon surf egiteko eskubidea, noski, baina ez du edonork urautsi guztiek eskatzen duten gutxieneko mailako gaitasuna eta esperientzia. Batzuetan olatuak handiegiak direlako eta besteetan sakonera gutxiko uretan lehertzen diren olatu zailek daukaten arriskuagatik, surflari batzuek traba egiten dute. Harrokeria dirudi hau esateak, baina egia da. Jaitsi ezin duen olatu batean erortzen den pertsona batek hondoan dagoen hondarra edo haitza jo dezake eremu arriskutsuetan eta istripuaren ostean, bizirik badago, uretatik irteteko laguntza beharko du. Olatu handiak direnean, berdin, aparrek eta korronteek bultzatuta irten ezin duen eremu baten atxiki dezake itsasoak esperientzia nahikoa ez duen surflaria, eta hari laguntzeko beste surflari batzuek beren burua arriskuan jarri beharko dute. Finean, surflari bakoitzak bere gaitasuna norainokoa den onartu behar du eta horretarako, besteak beste, esperientzia handiagoa duenari entzun beharko dio. Gutxienez, entzun. Zeren, mailaz hobetzeko pixkanaka pauso berriak eman behar dira, baina dakienari entzuteak ere lagun dezake. Hau gero eta zailagoa bilakatzen ari da, helduen hitzarekiko errespetua balore gisa desagertzen ari den neurrian. Gaur egun munduan zehar eraikitzen ari diren uhin igerilekuak eraikitzeko orduan ere garrantzi handia du afera honek. Melbourneko (Australia) igerilekuan, adibidez, forma desberdineko olatuak sortzen dira, baina bada olatu artifizial bat «basapiztia» deitzen dutena, eta oso surflari gutxi dira olatu hori mendean hartzeko gai. Bristoleko (Ingalaterra) igerilekuko olatuak, ostera, errazagoak dira baina, hala ere, surflari gehienentzat zail izaten jarraitzen dute sarri. «Konturatu gara surflari askori kostatzen ari zaiela beren maila zein den onartzea», adierazi du bertako zuzendariak. Horregatik, olatuak sortzen dituzten igerileku guztietan maila oso apaleko surflarientzako aukera ere beti eskaintzen dute. Desberdintasuna da igerilekuek ondorio larririk jasan gabe proba egiteko aukera eskaintzen dutela; urautsi naturalek, ordea, ez. Hautespen naturala itsasoak egiten du, eta lehenago edo beranduago, surflari guztiok ikasten dugu zerbait, alegia, itsasoan itsasoak agintzen duela. Igerilekuetan ez bezala, naturan hautespen naturala itsasoak egiten du, eta lehenago edo beranduago, surflari guztiok ikasten dugu zerbait, alegia, itsasoan itsasoak agintzen duela.