GARA Euskal Herriko egunkaria

Geroako bazkideak protestan, dirua «nahi bezala» jasotzeko

Geroa Pentsioak-eko bazkide erretiratuek estatutuak aldatzeko eskatu diote enpresa-zuzendaritzari, dirua erretiratzeko 45.000 euroko muga ezartzen dutela-eta. Horren ondorioz, kopuru horren gainetik kotizatu duten bazkideek ezin dute beraien pentsio osagarria nahi bezala berreskuratu. Patronalaren «diskriminazioa» salatu dute.


Agraviados por Geroa plataformak elkarretaratzea egin zuen atzo Donostian, Geroa Pentsioak-i –borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundea– estatutuen aldaketa bat eskatzeko. Iazko uztailean sortu zen plataforma, salatzeko pentsio osagarriak kudeatzen dituen enpresak ez diela aukerarik ematen erretiratutako bazkideei, 45.120 euro baino gehiago metatu badituzte, beraien dirua nahi bezala kudeatzeko.

Hortaz, diru muga hori gainditzen ez duten erretiratuek beraien dirua berreskura dezakete errenta edo kapital gisara; 45.000 euro baino gehiago metatu dutenek, aldiz, hileroko errenta gisa soilik kobratu dezakete diru hori: 188 euro hilero, 20-25 urtetan.

Geroaren zeregina enpleguaren Gizarte Segurantzarekiko prestazio «osagarri» bat sortzea da. Gipuzkoan 110.000 bazkide ditu Geroa Pentsioak-ek. Jose Mari Lazkano plataformako kideak NAIZi adierazi dionez, «diskriminazioa» ikusten dute Adegi patronalaren jokabide horretan. «Langile guztiok betebehar berberak ditugu, baina ez eskubide berberak», esan zuen.

Lazkanok kontatu zuenez, Adegi patronalak dio diru muga hori estatutuetan zehaztuta dagoenez ezin dela aldaketarik egin, eta enpresa batzordeko sindikatuek (ELA, LAB, CCOO eta UGT) bat egiten dute patronalarekin zentzu horretan. «Ez sinestekoa da, ezin da ulertu», eman zuen aditzera plataformako kideak.

Egun, 1.600 pertsona dira Agraviados por Geroa plataformako kide, gehienak erretiratuak, baina baita aktiboan segitzen dutenak ere. Horietatik gehienak metaleko sektorekoak dira; izan ere, Lazkanok azaldu zuenez, duela 25 bat urte Geroa Pentsioak metalgintza sektorea kudeatzen zuen soilik, baina egun beste hogei sektoreren ardura ere badu. Horregatik, metalgintzako langile askok pentsio osagarrien enpresan duten antzinatasunagatik, 45.000 euroko muga gainditzen dute eta ezin dute, beraz, dagokien dirua berreskuratu, ezpada 188 euroko hileroko errentaren bidez.

«Pecata minuta»

Geroa Pentsioak-eko zuzendaritzari galdetuta ea zer gertatuko litzatekeen bazkide erretiratuek kolpean diru guztia erreskatatuko balute, enpresak erantzun zuen ez lukeela kalte larririk ekarriko, ekonomikoki jasan dezakeen operazioa izango litzatekeelako. «Pecata minuta izango litzateke hori enpresarentzat», esan zuen Lazkanok. «Adegiri eskatzen diogu diskriminazio hori ezabatzeko, bakoitzak kudea dezala bere dirua nahi duen moduan», aldarrikatu zuen.

Otsailaren 9an Geroa Pentsioek kaltetutako bazkideek batzarra egin zuten, eta bertan erabaki zuten «ekintzara» pasatuko zirela. Hala, elkarretaratzea egin zuten atzo Geroaren egoitzaren aurrean, eta Lakuako Gobernuaren ordezkaritzekin kontaktuan jartzeko asmoa iragarri zuten.