GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Atzo baino gehiago, bihar baino gutxiago!


Bai, bolo-bolo dabil han-hemen, hor ere bai. Beste gairik ez dago, prentsan, irratian, telebistan, katekesian… bolo-bolo! Nekatzen hasita nago; zin dagit, neure erraien aginduz oraingoan! Bai, EAJz nago. Errezeta guztien funtsezko osagaia; destinoa unibertsalean! Pentsaezina egin nahi dute, noizbait beren alderdi gabeko Jaurlaritza izan daitekeela Lakuan gobernatzen. Lehenago Eguzkian bizitza topatu baietz! Edo Mediterraneoa hustu! Edo euskara ofiziala Groenlandian! Edo hiru gauzak batera! Ez ninduke harrituko hurrengo kongresuan izenaren izana aldatzeak: Eusko Alderdi Jaurlaritza! Omen. Amen! Bai, nonahiko eta ezinbesteko agertu nahi, luizia ez den bitartean sikiera! Ez dira ba supermerkatuetako apaletan ere xaboiontzien ondoan!

Bada bai, hauteskunde giroko bolo-boloko hori kenduta gauza deigarririk ez egun hauetako ikus-entzunezkoetan. Bueno, zerbait bai, legeak argi uzten du zeinek deitu ditzakeen hauteskundeak, baina hara! inongo legelarik ez daki zeinek utzi dezakeen deialdia bertan behera. Kolpea gero! Tori Legea 4.0! Bestela, ba berri gutxi, osasun-larrialdia hemen, konfinamendua hor, alarma egoera han … ohikoa birus-aldi batean. Total, udaberria datorrenean gaixo guztiak alaitu… ustez beroak akabatuko du birusa; hortaz, batzuk hasiak dira beroketa globala txalotzen, gaitz-erdi!

Bada bai, Lakuak klima larrialdia deklaratu zuen iazko udan eta osasun larrialdia orain. Baina neurriak ikusita ez dirudi larritasun bereko larrialdiak direnik. Denbora kontzeptua geure egin ez dugun seinale; seguruenik premiazkoak ez digulako funtsezkoa ikusten uzten. Pinuak basoa ikusten utzi ez. Tira, harira! Atzo baino gehiago, bihar baino gutxiago! Ez, ez nago maitasun kontuaz, zaurgarritasunaz nago! Harrapa ezan/k Erresilientzia 4.0! Bikaintasuna! Bai, esperimentu soziala gaurkoa, gizartea laborategia!